LARREPETIT

Hezur batzuk

Iñigo Aranbarri -

2019ko otsailak 10
Frida Kahloren margoen artean bada bat behin eta birritan datorkidana. Sastadatxo batzuk 1935ean margotu zuen, Kahlok berak esatera, egunkarian gizon batek emaztea hil zuela irakurri eta gero. Andrea biluzik datza ohe gainean, odola nahinon. Ondoan, zutik eta irribarrez, gizona, labana eskuan duela. Goiko aldean, bi hegazti koadroari izena ematen dion leloari eusten. «Sastadatxo batzuk», horiexek gizonaren hitzak atxilo lotu zutenean, zergatik daramaten gatibu, sastadatxo batzuk baino ez zizkiola eman. Hogei labankada zituen egunkariko albisteko emakumearen gorpuak.

Kahlok atoan ikusi zuen. Ezin bereiz liteke hizkera ideologiatik. Hiltzaileak primeran eraman zuen hitzetara buruan zerabilena. Mintzoan biltzen da ondoen gutxiespena, mespretxua, erdeinua. Defentsarako aukeraturiko berba bakoitzak du berarekin sastaka. Eta hizkeraren eta ideologiaren arteko harremana ikusi zuelako itzuli zion harria Kahlok gizarteari, margolan egina. Lortzen duen efektua alimalekoa da.

Ez dakit koadroa ezagutuko duen Esther Muñozek, PPko senatariak. Ez dut uste inork Kahloren lanaren erreprodukzio bat helarazita ere ohartuko litzatekeenik parekotasunaz, opariaren zergatiaz. Norbait behar genuke azaltzeko hizkerak gaituela nabarmen uzten. Eta harrokeriaz asaldatu arren hamabost milioi euro ageri direlako aurrekontuetan «hezur batzuk» bide bazterretatik ateratzeko, esan behar litzaioke ez duela harrokeriak salatzen, ezpada aukeratu dituen hitzek. Begiratzeko koadroari. Hezurrak ez baitira hezur historiaren zabortegira heldu artean, horregatik deitzen diogula hain zuzen ere memoria sentimenduak pizteko gai den denbora eremu horri. Eta ez ahazteko gauza bat dutela txarra hezurrek, norbaitenak direlarik, ez direla batzuk. Hilak dira, bizioi harramazka.

Kahlok atoan ikusi zuen. Muñoz harritu egin da ustez irainik gabeko hitzek sortu duten zalaparta sortu dutelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna