Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Odol beharra

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ez du defentsa beharrik. Epaileak berak utzi du libre, unibertsitate barnean 25 tiro jota ere, duela urte batzuk, beste testuinguru batean, noski, hamar edo hamabost urteko zigorra ezarriko zionean. Burua galdu duen gazte zintzoa dela iradokitzen da, baina tiratzaileaz egin den argazkiak badu txongorik.

Leioakoa gertatu eta hiru egunera, albiste izaten segitzen du. Aurrena, juje jaunaren ebazpenaren berri eman nahi da; baina horra ondoan, ez dezagun ahantz, profila. Eta hor segitzen du, tabernako solasaldi batean bezain sendo eta zindo: «Fisikako ikasle bakartia, literaturzalea». Irakurtzen jarraituta dakigu gehiago: 16 urte zituela bigarren saria eman zioten Andoaingo ipuin lehiaketan, Odol beharra deituriko lanagatik. Horra zaletasuna. Eta otoi, ez egin lotura xelebrerik.

Stendhalen Turista baten oroitzapenak liburuaren harira, eta Kaligulak elokuentzia dema batean asmatutako umilaziotik abiatuta, dio Alberto Saviniok idazleari zaion gorrotoa «unibertsala eta betierekoa» dela, eta jendeak ez badu herra hau aski erakusten edo praktikara eramaten, Kaligulari zerion larderiarik ez duelako dela, haren ausardia falta duelako. Eta ez omen da gorroto hau inoiz ahituko, izan ere, norberak ez duen horren jabe omen da idazlea. «Nork ez du nahi jakinduria?», dio Saviniok, «edo gutxienez, jakinduriak ematen duen argitasun izpi hori?». Pena horrexekin hil omen zen osterantzean dena lortu zuen Napoleon handia ere.

Ez dakit nolatan heldu den kazetaria Andoaingo lehiaketako ipuineraino, ez zer ikusirik duen haren «literaturzalea da» horrek Savinioren teoria erromantikoarekin, baina ematen du zer pentsatua. Ondorioa garbi samar dago, nolanahi ere: matazan bildua bada ere, argiago agertuko dira Leioako tiroketaren benetako arrazoiak literatura lan batean (izan hauek psikologikoak zein sozialak) sentsazionalismo merkez autoelikaturiko prentsan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.