Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

The others

2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuek eta haren aliatuek Iraken kontrako ekintza militarrei ekin zietenean, mundua kalera atera zen han-hemen erasoa eten zezaten eskatzeko. Gurean ere, nahinon antolatu ziren protestak. Herri askotan, doi-doi dozenatxo bat lagun milaka zibil hiltzen ari ziren hegazkinen kontra. Pankartari eusten azken urteetan heldutako gizon-emakumeak ia guztiak. Hain nabarmen non poteo-jendea ere, normalean ardura handiagoetan bustia, ohartu zen.

—Begira zer azkar ikasi duten hauek!

Gauza jakina baita hemendik kanpora ez dela pankartarik.

Urte parrastada eroan du urak harrezkero. Denboraren poderioz, ikasi dugu migrazioaldien sedimentazioarekin bizitzen. Herri askotan, guk hustutako alde zaharretako etxeetan sartu dira. Bistan daude, bistan bizi dira, gure eskolan ari dira ikasten haien umeak. Askok, geuk bezalaxe egiten dute euskaraz. Baina lagun artean gurekin?

Berak dira nahi ez dutenak. Ez dute edaten.

Beste bizialdi bat beharko dute hori ere ikasteko, edo bi, baina bagoaz. Munduan ez da leku askorik egongo Euskal Herrian bezain ongi hartu dituenik. Sinetsi beharra dugu geografian maixuok. Berandu baino lehen, geureen neurriko autoetan ikusi eta laster dugu susmoa ate joka. Txakurra paseatzen ikusten ditugunean egingo dute salto alarmek. Furgoneta egokituan Pirinioetan edo autokarabanan Landetan geure ondoan ikusten ditugunean esango dugu beharbada onberegiak izan garela, gauza bat laguntzea dela eta gure gainetik jartzea bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.