Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ustel kiratsa

2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Egin izan da zabor nuklearrarekin, egin izan da zabor elektronikoarekin. 350.000 tonatik gora urtero Europa aberatsetik landa, izan Ghanara, Nigeriara, Pakistanera, Tanzaniara, Ukrainara, Tailandiara zein nahinora. Basileako Ituna sinatu zenetik, sorlekutik atera behar ez litzatekeen zarama kanpora bidean; guk zein inguru eder dugun erakuts dezagun eta haiek pobreziaren irudi izaten segi dezaten. Jantziko dugu ongi: dauden egoeran egonda, ez datorkie batere gaizki kiloko ordaintzen diegun saria.

Heldu behar zuen. Zakarrekin egin izan bada, zergatik ez pertsonekin? Danimarkako gobernuak hartu du bidea. 300 preso bidaliko ditu datorren urtetik atzera Kosovora, Gjilan espetxera. 210 milioi euro jasoko ditu Pristinako gobernuak trukean. Zatarra da diru kontuak aipatzea pertsonekin gabiltzalarik, horregatik topatu zaio zelofana: ez da daniarrik izango aldra horretan, ezta terroristarik ere, gauden lasai. «Gaizkileei ematen diegun mezua argia da», dio Justizia ministroak: «ez duzue zer eginik Danimarkan». Hala eginda, arindu egingo omen da bertako kartzelen egoera, betetzen hasiak dagoeneko.

Jakina, ez da deus aipatu migrazio politikaz, kondenatuen eskubideez, han geratzen diren senideei ezarritako zigor erantsiaz. Hitzik ez Danimarkako Migrazio ministroaren kontra berriki emaniko epaiaz, asilo eskatzaileen artean bikoteak bortxaz banatzeagatik. Are gutxiago, baldinbaitere, deportazioaren kulturak erabaki honetan duen pisuaz, zeina, kasualitatea, ezin uler litekeen Europako estatu behiala inperialen logikarik gabe. Jabe handi, armaz aurrena, dirubidez gero, interesen arabera kolonia penitenziario bilakaturiko lurralde urrunena.

Erraza genuke Shakespearek Marcellus zaindariari esanarazten dion harekin amaitzea: «zerbaitek ustel kiratsa du Danimarkan». Hamleten erresumak Europako estatu askoren artean duen eredu itzalak eragiten du beldurra orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.