Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zubi lehertuak

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Argazkiak ez zaitu birika-handi uzten: liburu txondor polita ketan Tolosako Plaza Zaharrean. 1936ko abuztua da. Eskuak uhalean kakotuak dituen soldaduaren ondoan, Ixaka Lopez Mendizabalen moldiztegitik eta udal liburutegitik ateratakoak kiskaltzen ari. Denetarik pilatu zen metan, izan hiztegi elebidun, olerki bilduma zein otoitz eskuliburu. Gauza bakarrean antzeko: euskaraz idatzitakoak izatea guztiak, Fermin Izurdiagak sermoi falangistetan aginduta bezala.

Denboraren poderioz, gauzak arean mudatu dira, itxuraz badarik ere. Sua jende basaren kontua da orain. Garra emailez email dabil, bulegoz bulego aginduak. Malagan, zalantza batean dabiltza, ez dakite Errusiar Museoa giltzatu ala ez. Ez da txantxarik: Chagallen edo Kandinskiren obra ikusteagatik ordaintzen den horretatik, kauskada bat Putinen Errusiara doa. Milanen, Dostoievskiren gaineko ikastaroa utzi du bertan behera Bicocca unibertsitateak. Andaluziako Filmotekak Tarkovskiren Solaris ez proiektatzea ebatzi du. Bartzelonan, «Ukrainako gerra gaitzesten ez duen» errusiar sortzailerik ez kontratatzeko agindu du kultura zinegotziak. Horixe esanda utzi du kanpoan New Yorkeko Operak bozaturik geratu ez den Anna Netrebko sopranoa, «onartezina da edozein artista iritzi politikoak ematera behartzea. Musikaria naiz, nire helburua jendea batzea da, zatiketa politikoak gainditzea». Gerra dinamikan, lehengo eta oraingo errusiar sortzaileak daude su-metan orain. Tontorra egunez egun ari da handitzen. Ez da berria. Europan Gerla Handia zelarik, Beethovenen musika ere debekatu zuten Estatu Batuetan.

Bistan da, demagogia merkea da Tolosako su garbitzailea errusiarfobia kultural honekin nahastea; susmoa dut, ordea, aurrerantzean Europak ez duela erraza izango saltzen kulturari beti erantsi izan diona, alegia, desberdinen arteko zubi izan behar duelakoa eta munduaren zaila hobeto ezagutzeko begi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.