Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ertzain gaiztoak

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Polizia gaiztoz beteta dagoela kalea, estatubatuar filmek gogorarazten digute pantaila aurrean jartzen garen aldiro. Ez dago departamendurik saleriak lohitzen ez duenik. Beti izango du ikusleak ordu eta erdiz enpatiarik eragiten ez dion legearen zerbitzari bat, karguaz probesturik, inon diren maltzurkeriarik gaitzenak egiteko gauza dena. Eta hala, diru goseak itsututa, hil behar duena hilko du, tokiz mugitu behar diren armak mugituko ditu eta, capo kolonbiarren bat lagun duela, maila handiko drogen salerosketan nahastuko da.

Baina haur ipuinetan bezala, eskerrak beti egongo den beste polizia bat, garbia, zintzoa, ekina,gizartearen balioen defentsan gaiztoa harrapatu, hil, eta sabela harriz beteta, uretara botako duena. Hala ikasi genuen, filmei esker, zer zen «Barne arazoen saila». Halako lazun, korrokoi edo muble bat, alegia, kaka-xurgatzaile bat, polizia gaiztoak paretik kenduta, munduak mundu izaten segi dezan.

Bidea behar izan da, baina heldu gara gu ere. Asteon, etxean 54 kilo kokaina zituen ertzainaren kasuaren berri eman duSegurtasun kontseilariak berak Gasteizko Legebiltzarrean. Iaz beste bat atxilotu zuten, 852 kilo zirela tartean. 2015ean beste kasu bat gertatu zen, beste bat aurreko urtean, eta aurrekoetan, eta aurrekoetan... Azkenean, lortu dugu ertzain gaiztoaren ipuina kontatzeko heldutasuna. Homologatu gaitezke Hollywoodekin.

Hori bai, Woody Allenen Kairoko arrosaren film hartan bezala, ez gurutzatu pantaila. Administrazioak ez ditu ustelkeriaz kanpoko delituetan inplikatutako zerbitzariak inoiz saldu, eta ez du itxurarik salduko dituenik. Hor daude armekin zerikusirik ez zuten biktimak: Cabacas, Atanes, Calvo, Zarra... Apustu politikoa izan zen, eta hala da oraindik ere, haien hilketetan inplikatutakoak babestea. Hildakoen profilek pista asko ematen dute hartutako arriskuez. Baina ez hauek dira Hollywooderako modukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.