Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Euritan dantzan

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Eskearen kalean hazitakoak gara. Umetatik eskatu izan dugu, eskatu izan digute, eskean jarri gaituzte. Diru eskea, ez norberarentzat, hori ez baita jende aurrean egiten, ezpada komunitatean gertaturiko ezbeharren batean kalteturikoen alde edo amets ederrenaren fabore. Eta sartu denboraren zaku handian Iparragirre Ameriketatik ekartzea, 1912ko galarrenan itotakoen familiak, baserri erreak, ikastolak, presoak, Afrikako txinoak, minbiziaren kontrako elkarteak, kirol taldeak, euskaltegiak, egunkari proiektuak eta abarrak. Eskatu, elizak egin izan du asko: «Fraideek baino gehiago eskatzen duk!» esaten genion lagunari gure laranjatik atala nahi zuenean. Gainontzekooi, beti eman izan digu lotsa, baita inoren alde bildu izan denean ere. Izan ere, elkartasunak berez behar luke, ez inork itsulapikoa muturren aurrean jarrita.

Eta poltsikora heltzeko, hobe bihotzera heltzera lehenago. Jende xehea noiz samurrago, orduantxe. Horrexegatik ekiten dio Gabon bueltan EITBk urtero bere Elkartasun Maratoiei. Asmoak, benetan ederrak dira. Nola ez eman xemeikoren bat, «eguneroko kafetxo hori», hunkitu beharra daukazu nahitaez. Eta halaxe, kaleetako argiak bezalaxe, hilabete eta erdiz ekinean, saiorik saio, gau eta egun, kantu ezagunak lagun, aurpegi ezagunagoak amuago.

Ez da ulertzen erraza. Diru eskean zein eta gobernuaren esku dagoen erakunde bat; noren alde eta gobernu beraren beste erakunde baten alde. Ez da izango hain erraza legebiltzarreko kide guztiak, ezker zein eskuin, kanpaina betean sartu direnean, euritan dantzan, ahaztuta eurek onartzen dituztela aurrekontuak, ahaztuta eurena dela kanpainan lortuko den milioi euro hori partidaren batean sartzeko ardura. Euritan dantzan, Osakidetza hondoratzen ari dela diotenak tartean...

Eurixe da... jende zoriontsua elkartasuna zeri deitzen diogun ahaztarazi nahi zaion herri libre batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.