Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hemen egia ito egiten da

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Manifestazio baten kontra inoiz egin den sarraskirik handiena da Europan. Parisen, 1961ko urriaren 17an, 30.000 aljeriar atera zen kaleetara FLNko bandera zuri-berdeekin eta «Aljeria aljeriarrentzat» zioten pankartekin. Testuingurua: frantziar tropak erasoan zirela Aljerian, urtarrileko erreferendumean lautik hiru atera zen Frantzia metropolitanoan «bake prozesuaren alde». Airean zegoen independentzia bazetorrela. Giro horretan atera zituen Maurice Papon prefetuak poliziak: «ematen dizueten kolpe bakoitzeko, zuek hamar itzuli».

Poliziaren kargak alimalezkoak dira Rex zinemaren atarian eta Bulebar Handietan. Tiro asko bota da, lekukoek Sena ibaira erortzen ikusten dituzte manifestariak. Poliziak 7.000 lagun daramatza atxiloturik Kirolen Jauregira. Zentsura ezarrita, kazetariek ez dute aukerarik gatibuen berri izateko.

Hurrengo egunean, Gobernuaren ahotsa da prentsa: manifestariak izan dira poliziaren kontra oldartu direnak; bi dira kargetan hildakoak.Libérationek eta L'Humaniték soilik jarri dute zalantzan bertsio ofiziala. Eta Arte Ederretako ikasleek. Paris guztia josi dute pintadez: «Hemen aljeriarrak ito egiten dira». Handik hiru egunera, Aljeriariako Behin-behineko Gobernuak 50era igoko du hildakoen kopurua, emakumeak gehienak. Urteetan ezkutatuko du data Frantziako Historiaren zabortegiak. Libék hautsiko du isiltasuna, 1980an: «Gaur 19 urte, sarraski arrazista Parisen. Aljeriarrak, 140 eta 200 artean hil zituzten hiri erdian. Nork du gogoan?».

Eta hilek politikoen bulegoak seinalatzen dituztelarik, egoerak antzekoak ez izanik ere, horra behin eta berriz errepikatzen den borroka: Parisetik Riadera, Gasteiztik barrena, bera izan dela aitortu baino lehenago egotziko dio administrazioak errua ibai handituari, motozerra kamustuari edo eskopetarik gabeko gomazko pilotari. Egiak ahulago egiten dituela sinetsita bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.