LARREPETIT

Lagun izoztezina

Iñigo Aranbarri -

2019ko martxoak 17
Sarrionandiaren geografiei buruzko hitzaldi baten aitzakian itzuli naiz azken asteetan aspaldiko irakurketa batera. Argitaratu zenetik neraman bueltatu gabe Lagun izoztuaren eremuetara, hamazortzi urte. Hasi eta batera etorri zaizkit ordukoak. Hantxe segitzen zuen frankismopeko Kalaportuk, norberak bizi izandako kontzientzia hartzearen gune. Baina Goio Ugarteren bakardadeak lotu nauenean, neurri gabean berritu zait durduzamendua. ETAko militante ohi bat Nikaraguan, erbestearen zuloan gero eta itoago. Deskribapen lilugarrietan galdu naiz, gogoeta zorrotzek harrikatu naute. Zenbat hitz, ertz, koska bidean, Ugarteren jaitsieran lagun. Hondoratzen, erotzen, tropikopeko sukarretan izozten ari den bihotz bat, garai batean sua baino beroagoa izan zen hura bera. Sendatuko da Goio, baina Antartikara egingo duen espedizio zientifikoak ez nau onbideratu. Arthur Gordon Pym-ekoa gogorazten didan itsaso jelatuak ez dit bakerik ekarri. Sinboloz, keinuz, irakurketaz beteriko liburua izaten segitzen du; ez da heroirik Lagun izoztuan. Baina bai konstataziorik: askoz gehiago hurreratzen da nobela giza kondiziora ETAko militanteei buruzko mila artikulu baino.

Liburua zarratu eta batera zabaldu zaigu Darpon aferaren amaiera. Osakidetzako lan eskaintza publikoan detektatutako iruzur zantzuak ez dira nahikoa izan administrazioak jardunbidea ustela izan dela aitortzeko, milaka lagunen kaltetan eta aukeratu batzuen mesedetan. Arduradun nagusiaren defentsa itsua izan da, hainbestekoa non negargarri, arerio politikoen «presioen» eta «jazarpenaren» biktima gisa aurkeztu zaigun sailburua azkenean. Ez da pitzadurarik makinan, fedea saltzen jarraitu beharra dago, sistemak ez du lagun izozturik onartzen. Politikan ezin erakuts liteke Goio Ugarteren zaurien laurdenaren laurdenik.

Ez dakit hizkera politikoa ohartzen den zein biluzik ageri den bere sendo ustean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna