Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Demokraziaren kunetak

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Urte asko dira 35. Rikardo Arregi 26 urterekin hil zen; Jimmy Hendrix, Jim Morrison, Janis Joplin, Camilo Cienfuegos, Jean Michel Basquiat eta Amy Winehouse, 27rekin; Egon Schiele 28rekin; Elsa Neumann29rekin; Emily Bronte 30ekin; Sylvia Plath eta Lauaxeta 31rekin; Alexandro Handia 32rekin; Nazareteko Jesus 33rekin; Juri Gagarin 34rekin; Amadeo Modigliani 35ekin...

Bistan da, gauza asko egin liteke 35 urtean. Tartean, ikaragarri zail bihurtzen diren gauza berez sinpleak boterea dagoenean atzamarraren bestaldean. 35 urte bete dira Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Pelitxo Isart, Rafael Delas, Dioni Aizpuru eta Joseba Izura hil zituztela Pasaiako badian, elkarrekin aurrez prestaturiko segada batean. 113 tiro jaso zituzten lauren artean, forentseen datuak dira. Operatiboan amutzat erabili zuten Rosa Jimeno eta bizirik atera zen Joseba Merino bat datoz lelukotzan: bertatik bertara hil zituzten. Ez zen enfrentamendurik izan. Eta forentseak berriro: operatiboan postak erabili ziren, debekaturiko munizioa. Bizkarretik egin zieten tiro, eta burura.

Ordutik daramate Pelitxo, Txapas, Kurro eta Peluren senideek egiaren bila. Jakin nahi dute zer gertatu zen, nork eman zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau gazteak hiltzeko agindua, nork egin zuen tiro. 35 urte justizia eskean, 35 urte erreparazioa eskean, ezen ez dakit besterik dagoen, kasuaren larria kontuan hartuta, Pasaiako segadakoa baino eskandalu handiagorik Espainiako demokraziaren historian.

Isiltasunak ez du parekorik: legealdiz legealdi kasua argitzeko batere ardurarik erakutsi ez duten politikariak eta politika-moduak salatzen ditu senideen justizia eskeak. Baita hizkera politikoa bera ere, izan ere, zer esan nahi du biktima hitzak?

Urte asko dira 35. Gerra amaitu zenetik Francoren beraren hil bezpera arte.

Eta esan beharko du norbaitek demokraziak ere kunetak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.