Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Sua lur lehorrean bezala

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskundeak irabazi eta batera hasi zen txirrinka-dantzan Benito Mussoliniren hitzola Italian. Denborak aurrera egin arau, faxismoak ez zuen soilik diktadura ezarri. Sistema politikoarekin batera etika faxista bat ezarri zuen, mistika faxista bat, agur faxista bat, janzteko era faxista bat. Bizitzeko arlo guztiak moldatu zituen Mussolinik Italian, eta hiztegiak ezin zuen bazter geratu.

Eta horretan, Gabrielle D'Annunzio harripeko hitz zaharrenaren bila aritzen bazen poesia jantzirako, inoiz erabili gabeak jarri zituen jende artean Benito Mussolinik boterera heldu zenean, asko eta asko aurrez prentsa artikuluetan baliatu izan zituenak. Haietako batzuk Marinettiren amets futuristaren ume ziren (autista auto gidariari; topolino Fiat 500ari); ekonomia bulkada erakustaldiarenak (confindustria, incrementare) edo idazlearen txinparta eroari zor zitzaizkionak, besterik gabe. Hitzak ez ezik, lokuzioak ere hor zeuden («non gaude orain», «amaitu beharra dago»). Jantxakur, kazetari mordoa hasi zen Duceak zerabiltzan hitz eta moldeak errepikatzen. Sua lur lehorrean bezala zabaldu ziren. Italian bizirik zegoen idazle handiena zela zioen Ugo Ojettik.

Telebistari begira nagoela, behin eta birritan datorkidan aierua da. Guk ere baditugu, gure hiztegi politikoan, sua lur lehorrean bezala doazen hitz eta moldeak. Batzuk ez dira boteretik sortuak: eraikuntza erabiltzen zen franko Lizarra-Garazi garaian, eta «biharko argazkia». Beste parrastada bat, hitzola ofizialetatik datozkigu. Eta hala hasi naiz hiztegitxoa osatzen, autogobernu-tik abiatu eta barregarri gertatu arteko eusko- morfeman barrena, nazio foral-era heldu naizen arte.

Albistegian, Cadizeko langileek su eman diotela kontainer batzuei. «Ez da gauzak konpontzeko modua» esan du ahots batek. «Ez da horretarako momentua» klasikoaren faktoriakoa. Azalpenik ez protestaren zergatiaz. «Amaitu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.