Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Noiz da Mikel?

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Etxean atxilo hartu eta hogei egunera agertu zen Mikel Zabalza Bidasoko bainuontzian, 1985eko abenduan. Tarte horretan, biziarteko zigorra ezarri zitzaien Jorge Videlari eta Emilio Masserari, Argentinako Junta Militarreko buru izateagatik. Gurean, aldra bilakatu zen galdera kalean. Oihuak gehiago iraun zezan, batzuek «Mikel» zioten artean, «non dago?» ematen zieten arrapostu besteek manifestazioetan, are ozenago. Eta ahopean, hil egin zaie, hil egin dute. Aierua ez zen okerra.

Iazko otsailean mustu zen zine-aretoetan Amaia Merinok eta Migel Angel Llamasek Zabalza kasuaren gaineko dokumentala. Aski ezaguna izanagatik, bi kontuk jo ninduten batez ere, barruak txikitzeraino. Bata, garai hartako Bilbon kaletik ezagutzen nuen Ion Arretxeren testigantzak, tortura letra xehez kontatua, hain zintzo, hain gordin, hain urrun heroi baten moldetik. Bestea, egun haietan titularrak hartu zituzten lau pertsona haietatik hiru hilik daudela onartu beharrak. Mikel, Ion, Idoia, gazterik joanak hirurak. Eta bonus tracka: orduko gertaerei begira, izutzerainoko harridura. Zein zatarra zen dena. Nola moldatzen ginen irudi horien artean maitasunean sinesteko?

Aurtengo otsailean eman zuen Kataluniako TV3k Merino eta Llamasen Non dago Mikel? filma. Berton, ETBk emititu gabe segitu zuen, filma estreinatu eta urtebetera. Martxoaren 10ean eman du azkenean, hori bai, aurrez punpaz eta arramantzaz aski iragarria. Kasualitatea: hamabost egun ere ez Eusko Jaurlaritzak Zabalza biktima gisa onartu zuenetik, noiz eta hura desagertu eta 36 urte eta hiru hilabetera.

Dena da nabarmenegia, lotsagarria, erridikulua. Egia da, itsusi mortala zen dena orduan: hiriak, janzkerak, jarrerak. Baina gezurra esango nuke Galileo kasuarekiko aitortza vatikanista hau ederragoa, garbiagoa eta zintzoagoa dela aitortuko banu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.