Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Paraleloan

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Paralelismoka funtzionatzen du buruak. Zerbait entzun, edo ikusi, eta zalu datorkizu gogoan gordetako hura. Berdin dio zer bazter-zokotan duzun, han agertuko zaizu, berriak deituta.

Hala gertatu da azkena Xireen Abu Aklehen hiletako irudiekin. Israeldar polizia, oldar betean, kazetari hilaren gorpua aldean daramatenen kontra. Memoriak lan handirik gabe atera du fitxa: Bilbo, 1986. Herrera de la Manchako kartzelan hildako Joseba Asensioren hileta. Espainiako Polizia Nazionala anderoak egurtzen. Bada bigarrenik ere: Tolosa, 1995. Oraingoan Ertzaintza da Lasa eta Zabalaren senideen kontra, hilerrian bertan. Aztoragarria da paralelismoen mekanika hau lasai bizi nahi duenarentzat.

Abu Aklehen hiletan, palestinar banderak izan omen dira aitzakia. Egun berean, elkarrizketa Raphael Minderri, The New York Times-ek Espainian izan duen berri-emaileari. «Banderarik gabeko Espainia batera etorri nintzen, orain txakurrek ere badaramate». Kataluniako procesari eta nazionalismoaren gorakadari leporatzen die Minderrek espainiar erakustaldi aberkoia. Aski da Espainian zehar ibiltzea Minderrek dioena ikusteko. Banderak eskumuturretan, banderak masta puntan etxe atarietan. Euskal Herriko zenbait tokitan ere, piperpoto gehiago dago balkoietan ikurrinak baino. Beldurra da? Harrotasuna? Harrokeria? Beste egoera batean, ezagutu izan dugu bestelako loraldirik. Baina zer-nolako beharra du estatu baten babesean bizi denak halako erakustaldirako?

Raph Minderrek ez dio dena, ordea. Procesa baino askoz lehenagotik, Aznarren garaitik dabil haizeak kulunkatua Madrileko Colon plazan inoizko espainiar banderarik handiena. 294 metro koadro ditu, eta 20 tonako pisua. Hamahiru urte ondoren, sei bider lauko ikurrina jarri zuen Bilduko gobernuak Donostian, Auzitegi Gorenak bestea derrigorrean jartzera behartu eta erantzun gisa.

Paralelismoka funtzionatzen du buruak. Ez dela txarra uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.