Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bizarraldia

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Asmatu zuen asmatu zuenez Gabriel Arestik. Mikel Laboaren ahots zilarrak, doinuaren errazak eta garaiko giroak obratu zuen ezinezkoa zirudiena, bizargabeak ere kantuan jartzea: «Errekaldean lizarra/ hari begira izarra/ euskara salbo ikusi arte/ez dut moztuko bizarra».

Bizarrean bildu ohi izan da arraren duintasuna. «Oraintsu arte», dio Alberto Savinio italiar pintore eta idazleak orain laurogei bat urte, «lehoiaren tankera edukitzea izan da gizonaren guraria». Horra gizonkeriarena ezaugarri behinena. Ez bizarra bakarrik, ordea; ilea, oro har. Homeroren Grezian, txima luzeak bereizten zituen gizon libreak esklaboetatik. Lehoia esku hutsez hil zuen Sanson bera ere, zeharo makaldu omen zen Dalilak zazpi mototsak moztu zizkionean. 36ko gerran, kaskamotz uzten zituzten nazionalek emakumeak, denen aurrean makurrarazirik ager zitezen. Ilea askatasuna da; hura trenkatzen uztea, amore ematea. Galizian bada usadioa oraindik, rapa das bestas izenekoa, urtean zehar mendian libre dabilen behor jendea eskortetara biltzeko, han zurdak moztu eta markatzeko.

Euskal Erdian Euskararen legeak 40 urte bete dituela eta, aski gauza argigarriak aletu ditu Pedro Migel Etxenikek egunkari honetan. Tartean, hau: «HBren jarrera kritikoa positiboa izan zen, horrek erdigunean jarri baininduen negoziazioan. Kritika hori gabe, ni muturrean egongo nintzatekeen; erdigunea lekuz aldatuko zen». Ulertu dudanez, azokako tratua azaltzen ari da, hizkuntza politikara aplikatua. Alegia, akordioetara heltzeko, hobe muturretik hasi eskean, izango du-eta urritua erdigunera bidean.

Eta nago, ikusirik non gauden 40 urte ondoren, ongi dagoela jakitea nola funtzionatzen duten adostasunek, pentsatu beharko baitugu nola ekingo diogun hurrengo bizarraldiari, nola banatu rolak geure artean, nor kanturako, nor muturreko, nor erdiguneko, ez baikaude benetan inoren kokots-ileei begira egoteko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.