KRONOLOGIA

2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Hamar urtean egon zen zabalik Txillida Leku museoa, 2010eko abenduaren 31n itxi zuten arte. Ordura arte irekitzeko ahalegin bat baino gehiago egon da.

2000. urteko iraila

Ametsa, errealitate. «Utopia» hitzarekin deskribatu zuen Eduardo Txillidak Txillida Lekuren irekiera: «Nire eskulturei atsedenerako lekua topatu nien, eta jendea eskultura haien artetik zebilen, basoan zuhaitz artetik bezala». 1982an erosi zuen eskultoreak XVI. mendeko Hernaniko Zabalaga baserria, artea ulertzeko bere modua erakusteko toki ezin aproposagoa zela iritzita. Eta baserri barruan 60 artelan eta kanpoan beste 40 zituela inauguratu zuten museoa, 2000. urteko irailaren 16an. Handik bi urtera hil zen eskultorea.

2010. urteko abendua

Galera handiegiak. Urtean batez beste 80.000 bisitari inguru jasotzen zituen Txillida Lekuk. Euskal Herriko museoen mapan garrantzia hartu arren, gastuei aurre egiterik ez zuela iragarri zuen artistaren familiak, eta itxi egingo zuela. Itxiera saihesteko, erakunde publikoek esku hartzea proposatu zuen —pribatua da museoa—. Negoziatzen aritu arren, ez zuten akordiorik lortu. Museo eredua izan zen talka eragin zuen puntuetako bat. Hala, urtea amaitzearekin batera itxi zuten. Ordutik, ordua hartuta soilik bisitatu ahal izan da.

2016ko uztaila

Akordioa lortzear. Hurrengo urteetan ere jarraitu zuten familiaren eta erakundeen arteko negoziazioek, eta akordioa oso gertu egon zen 2016ko uztailean. Proposamenak zioen 100 milioi euro jarriko zituztela erdi bana Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak. Atzera egin zuen aldundiak, kopuru hori ezin zuela bere gain hartu esanda, eta, ondorioz, Jaurlaritzak ere atzera egin zuen.

2017ko abendua

Suitzako galeria bat ordezkari. 2017ko abenduan jakinarazi zuten txillidatarrek akordioa egin zutela Suitzako Hauser & Wirth galeriarekin, eta horri esker museoa berriz zabalduko zutela. Akordioaren arabera, galeria artistaren obra osoaren ordezkari da egun, baina familiak jarraitzen du haren jabe izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.