Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bi Reality

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bi reality, ezer gutxi biek errealetik. Batean, beragatik espero dena egiten euskalduna. Eta ez da euskaraz egitea. Erne, eman begia pantailari gaur iluntzean: «Nataliak botaka egingo bigarren atalean. Zergatik?». Berriro ere, baserritarra ez baita deus baserritar izatera jarritako kaletarrik gabe. Ustezko lehian, betiereko kitscha betikoen lepotik.Eguna joan eta eguna etorri mamitzen diren imajinarioaz aritu da Karmen Zabaleta Twitterren, eta ez du Nataliaren gomitularria kezka: «Twitterren, eta bestela ere, sinbologia oso bat dago euskararen inguruan: baserria, aziendak, mendia… irudi horiek arrotzak dira hirian bizi den jendearentzat, hiri bateko periferiako langile batentzat. Ez da bere espazioa, ez eta bere errealitatea».

Bestean, bertako mendi ttattar eta pentze muskerrak aski ez eta haraindira daramate lehiakidea. Handiagoa behar da abentura eta handiagoa, hagitzez, konkistatu beharreko mundua. Horrexegatik dago simaur usaineko herri honetatik atera beharra, eta horrexegatik bozatzen da hizkuntza txikia,besteak esango zukeen gisa, «jende gehiagorengana heltzeko». Behar da, ordea, Elkanorena jotzeko badarik ere, nondarrak garen agertu, mintzoagatik auzokoekin nahas ez gaitzaten. Bada ordezkatze horretan arazotxo bat, konpontzen zaila ez dena. Erabiliko ez duen elea baino sakonago, urrunago, gorago harrotuko du irabazleak. Juan Luis Zabalak jo du ituan ostera ere: «Norena da ikurrin hori? Nirea ez behintzat».

Horra 2021eko bi reality telebista publiko berean, hiztunak nor bere karikaturizatzean betikotu nahi dituztenak. Eta euskalduna,garotan trebe eta abereekin maisu, ez da gai mundurako. Horra Txomin Agirreren zerura kondenatuta atzera ere, Txillardegirik, Arestirik, Euskaldunon Egunkaria-rik izan ez duen herri batean bizi bagina bezala.

Kontua da ez ote dugun barneratua, ez ote zaigun geuri ere erosoagoa egiten errealitatearen fartsa hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.