Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Amnesia komertziala

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ezda gaurik ez egunik telebistan barrena pasieran hasi eta Francotarrekin ez dabiltzanik. Orain 44 urte grabatu omen zituen zintak Francisco Martinez psikoanalistak jeneralaren inguru gertuan, hala diote, haren izaera hobeto ezagutzeko asmoz (grazia egiten dit, gizona asto zurian uniforme eta guzti hilda ere, hainbat hedabidek tarteka oraindik diktadore ohi deitzeak). Nonbait, 32 kasete dira, ustez Francisco Francoren miseria pertsonalak eta Francotarren miseria odoletikoak ikusleen gozamenerako erakutsiko direnak.

Eta hala hasi da seriea, esaten gizona ez zela aski gizon, ezta alaba ere aski alaba. Orain artekoan, Pilar arreba bada arreba, baina gezurtia eta kolpe zorrik jo gabe bapo bizi izan den gaiztoa, familiako gainontzeko guztiak bezalaxe. Horretarako, jendekerarena azaltzeko, adituz eta jakintsuz bete dute platoa, gaur arte inork gutxik jakin duena perfekzioz xehatzeko ikusle motzari.

Elkarrizketa batean, Edward Saidek galdetzen diolarik Gillo Pontecorvori nola doan El Salvadorreko Oscar Arnulfo Romero artzapezpikuaz egin gogo duen filmaren finantziazioa, zera dio Aljerreko borroka-ren zuzendariak: «Politika erabat bazter geratu den garaia da hau, irabazi hutsen mesedetan. Begira, baten batek proposatzen badu film bat egitea bertan azaltzeko ekoizlearen familia lapur koadrila besterik ez dela, ez du dirua lortzeko arazorik izango, baldin eta garbi erakusten badio ekoizle horri dirua irabaziko duela filmarekin».

Ez dut esan. Cuatro eta Tele5, Mediaset ari da Francotarren grabazioak zabaltzen, Silvio Berlusconi ezkertiarraren enpresa. Ez litzaiguke batere txarki etorriko atalen batean argituko baligute nortzuk diren Mediaset Españako akziodun nagusiak, eta nola heldu diren daukaten kapitala edukitzera. Martinez doktorearen grabazioei soinu-banda jartzearren, diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.