Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Batasunean eta askotasunean

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Benetako gerra heldu zain, bego sinbolikoa. Txina dugu etsaia orain. Ezarian, halaxe erakutsi zaigu. Eurek paratuko digute uztarria hurrengo belaunaldian. Inor ohartzerako, Afrikaren jabe egiten ari baitira eta, harekin batera, munduak mundu izaten segi dezan behar diren lehengaiena. Jantzi behar da hori baina, gaizki nahi ditzagun. Xingjiang eskualdean uigurrekin egiten ari den garbiketa eta Hong Kongekin darabilen politika izan da azala, Neguko Olinpiar Jokoen kari, AEBek boikot diplomatikoa egingo diotela iragartzeko. Britainia Handia, Australia, Zeelanda Berria eta Kanada batu zaizkie. Ez dira azkenak izango. Gerraren antzea buruz ikasia, edizio hobetuan itzuli nahi zaio Sun Tzuren tratatua Txinari. Izan ere, zer da kirola gerraren antzezpen sinbolikoa baino?

Horrexegatik, hain zuzen, ez da Mendebaldearen boikotik heldu den urtean Qatarren egingo den Munduko Futbol Txapelketan. Agian ez da aski arrazoi. Txikikeriekin haste aldera, jotzen da 10.000 langiletik gora hil direla estadioak eraikitzen, atzerritarrak gehienak, esklabotza egoeran beharrera helduak denak. Giza eskubideak zertan diren, galde diezaiekegu emakumeei eta LGTBI+ kolektibokoei. Erregimen politikoa bera, urrunxko dago «Mendebaldearen estandarretatik». Semeen semetatik heltzen da emirra agintzera, ez inork aukeratuta. Baina non transmititu da kezka, ardura, protestarako beharrik? Bozkarioa bai, gureak tartean izanik, La Roja sailkatu delako, Les Bleus hor direlako... ez da inongo hedabideetan diktadura hitza erabiltzen.

Aski garbi azaldu zuen Videla jeneralak zertan den hau guztia Argentina 78ko inaugurazio egunean: «Kirol lehiak eta harreman adiskidetasunak dioskue, egun, posible dela batasunean eta askotasunea bizitzea. Horixe da bakea eraikitzeko bide bakarra». Diotenez, La Plata ibai hondotik heldu zen txalo-hotsa harmailetaraino iritsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.