Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Oihartzunen jabea

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gogaituta dauzka Boris Johnsonek alderdikideak berak ere. «Jainkoarren, zoaz!», bota dio David Davis ministro ohiak. Ez zaio hola eta hola atera. Oihartzun handiko esaldia da hori britainiar kultura politikoan. Hitz horiexekin eskatu zioten dimisioa 1938an Chamberlain lehen ministroarizer eta, gerra eragotzi nahian, Municheko Ituna sinatuta Sudeteak Hitlerri esku-eskura eman zizkiolako.

Hitzek oihartzuna dutelakoa ez da berria. Aurrez pausatutakoen gainean esanda, irudi zaharrak pizten dira atzera ere, beste dimentsio bat hartzen du denak. Oraintxe sei urte, publizitate kanpaina galanta zabaldu zuen Forum Sport denda-kateak. Behin eta bietan nonahi entzun genuen eslogana ez zen txarra: «Kirolak libre egingo zaituzte». Ez zen txarra... ez balu naziek sarraski-esparruetarako hautatu zuten ongi-etorri haren oihartzunik. Ez dakit gerora konturatu ziren, ez zuten segi.

Ertzaintzak Iñigo Cabacasen heriotzaren ikerketa zarratu duela eta, minduta agertu dira haren gurasoak. Harrituta daudela diote, zaputza hartuta. Zerbait nahi eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari idaztea erabaki dute, Jaurlaritzaren aldetik igarri duten «enpatia eza» salatzeko eta aurrez aurreko bilera eskatzeko. Albistea, eman beharra zegoen. Eta eman du EITB Noticiasek ere Twitterren: «Cabacasen gurasoek Erkorekaren kontra kargatu dute eta txosten guztiak eskatu dizkiote» izan da gaztelerazko txioa. 6.800 bat aditz ditu gaztelerak erregistro estandarrean, ia beste horrenbeste teknikoan. Bat hautatu behar eta... oihartzun handiena duena hartu da, mingarriena, iruntzietara eman eta haren jabe eginda, indargabetzeko.

Victor Kemplerren LTI zabaldu dut: «Herbeheretako borrokalariak elkar ezagutzeko letra zen V, Vrijheid-en laburpena, Askatasuna. Hitlerrek bereganatu eta Garaipena adierazteko erabili zuen han eta hemen. Gerra amaitzerako, Mendeku berbaren ikur bihurtu zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.