Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Buru galdua

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Buru bat, galdua. Ez gau batez, ezpabere mendeetako parranda etengabean. Burua galdu, baina ez mozkorrak, baizik hordikeriaren jainkoak berak. Bako gizajoari epaileak non ibili den galdetzen dionean, ikuskizun dago erantzuna. Aitzitik, azken urteetan etxean izan duenak zer esan duen badakigu. Berea igeltsuzko kopia bat dela, aurrena. Gero, ez duela berak eduki, emazte ohiak baizik.

Ez da Jon Buesarena harea ale bat besterik ondare historikoaren arpilaketan. Ikasle izan da, nonbait, eta ez bizkorrenetarik, pieza bat eskura izan eta etxera eramateko eskolan. 2005etik, 85.000 zatiko berreskuratu dira Aljerian, museo zein aztarnategietatik ebatsiak guztiak. Grezian, 23.000 izan ziren 1987 eta 2001 artean. Turkian, 1993 eta 1995 artean, 17.500 ikerketari ekin zitzaien. Balkanetan, ia zegoena baino gehiago harrapatu zen gerraosteko nahas-giroan. Italian, 330 garauz osatutako erakusketa egin zen Koliseoan, Suitzan Norioshi Oriuchi japoniar arte-merkatariari atzemanikoak guztiak.

Aldea begi-bistakoa da. Arkaiako aztarnategian aurkitu eta 46 urtez desagertuta egon ondoren indusketan ingeniaria izan zen Buesaren eskuetan agertzeak ez du zerikusirik, itxura batera, merkatu beltzarekin. Alabaina, ez dakit askorik lasaitzen nauen horrek. Izan ere, ez dakit zer egon daitekeen ondare kultural komuna norberaren plazererako bakarrik gorde-nahi horren atzean. Eta ez nau lasaitzen, ezen, politikari eskainia badio bere burua (zerbitzu publikorako borondatea edo nola da hori?), ez dakit zertan dabilen, marmolezko buru bat dela medio, plazer pribatua hain zuzen horrexetan bilatu nahian, esklusibitatean eta neure-gura mutuan. Psikologian izango du izenen bat jaiera horrek.

Burua lepo gainean jartze aldera, diot ederra litzatekeela jakitea non dauden gure ondarearen buru galduak, zein zikoitzen begiak betetzen dituzten gauero, noren harrotetxeak apaintzen isilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.