Albistea entzun

'Iruña-Veleia auzia'. ANALISIA

Iruña-Veleiako azken paradoxak

Ikerketek benetakotzat jo duten pieza bat.
Ikerketek benetakotzat jo duten pieza bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko ekainak 11

Ekonomikoa da Iruña-Veleiaren azken paradoxa. Euskararen historia, kristautasunarena eta antzinateari buruzko ikuspegia goitik behera eraldatzekoak ziren pieza sorta handi bat ezagutarazi zenetik hamalau urte bete direnean, hamaika urteko prozesu judizial bat pasatu ondoren, eta 18.000 folio txosten mahai gaineratu dituen epaiketaren ostean, guztira, totalean, den-dena kontuan hartuta, orotara, 72 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Eliseo Gil arkeologo eta Lurmen enpresako zuzendariak Arabako Foru Aldundiari, aztarnategiko erromatar garaiko 36 pieza hondatzeagatik; zeramika puska bakoitzari 2 eta 10 euro arteko balioa kalkulatuta, 72 euro. Oinarri handirik gabe, milaka euroko kalkulua egina zuten akusazioek, hasieran, baina Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak ikertu eta faltsutzat jotako piezak soil-soilik hartu ditu kontuan epaileak, azkenean, eta hortik kopurua. Kongresu, txosten, ikerketa, irain, kontra-kongresu, negar, hitzaldi, protesta, mikroskopio ordu, blog sarrera eta eztabaida tona hauek guztiak, zer, eta txokolate zurizko 72 Filipino paketegatik. Edo ez. Horrekin batera, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ere ezarri baitio Gasteizko auzitegiak Gili, iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarea hondatzeagatik. Eta aldibereko bi zigor horien arteko kontrasteak argi erakusten du kalte ekonomikoarenaz aparteko beste neurgailu batzuk ere kontuan hartu behar direla Iruña-Veleiako aztarnategiari buruzkoak ulertzen saiatzeko.

Epaiketan, egunez egun agerian geldituz joan zen gidoiaren arabera heldu da epaia. Sorpresa handirik gabe. Akusazioak epaiketako azken-aurreko eguneko azken unean ireki zion atea hasieran planteatutakoa baino kartzela zigor txikiagoa jartzeko aukerari, eta horri heldu dio epaileak. Frogatutzat jo du faltsutzea, Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak ikertutako 36 pieza horien kasuan, baina ez du frogatutzat eman faltsutzeak Gilek berak egin zituenik. Baina jakinaren gainean zegoela dio epaiak, eta iruzurrarekin aurrera egitea erabaki zuela, halere. Horregatik jo zuela Ruben Cerdan ikerlariarengana. Ikerketa batzuk egiteko plantak egin zitzan, eta faltsu zenari egia itxura eman ziezaion. Frogatutzat jotzen du hori ere epaiak, eta horregatik ezarri dio urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra Cerdani. Eta horregatik kondenatu ditu Cerdan eta Gil ustezko ikerketa horien truke kobratutakoa itzultzera. 12.490 euro, guztira. 6.245 euro bakoitzak.

«Berandu datorren justizia injustizia da, eta berandututako justizia ukatutako justizia». Epaileak hitzez hitz, eta kakotx eta guzti, utzi nahi izan du aforismo hori idatzita, 232. orrian, gainerakoan, jurisprudentziaz eta zehaztapen legal luzez beteta datorren 256 orriko epaian. Izan ere, guztira, 11 urteko ibilbidea egin behar izan du instrukzio fasean Arabako Foru Aldundiak 2009an jarritako akusazioak, eta zigorra apaltzeko argudiotzat baliatu du atzerapen hori epaileak. Esperoan egon beharra ere kondenaren parte ulertu duelako libratu dira bi akusatuak kartzelara joan behar izatetik.

Justiziaren ertzean ibili da justizia kasu honetan. Ez da berria hori, baina epaileak berak onartu izanak egiten du aipamena esanguratsu.

Epaia heldu aurretik, bestela ere, zaila zen kasu honek Euskal Herriko arkeologiari eragin dion kaltea kalkulatzea. Zaila, Iruña-Veleiako aztarnategiari geldituko zaion mantxaren norainokoa irudikatzea. Eta zaila izaten jarraituko du aurrerantzean, epaia heldu ostean ere. Aurrez ere aski handia zen faltsutzearen hodeia trinkotu baitu sententziak, nahiz eta epaiketa areto bat nekez izan daitekeen eztabaida zientifikoetarako gune aproposa.

Eztabaida zientifikoak ez dira ixten. Definizioz.

Beti ager daiteke datu berriren bat, hipotesi indartsuagoren bat, eta hala erreskatatzen ditu historiak une bat lehenago erreka bazterra jota ziruditen aurkikuntzak. Noski, epai honek are gehiago makurtuko die bidea aurrez ere malda gora zebiltzan benetakotasunaren defendatzaileei, eta seguruenik, tarte batez, ezinezko egingo zaie eztabaida akademikoaren ateak gurutzatzea, baldin eta ez bada, adibidez, hurrengo urteetan Iruña-Veleiakoaren pareko aurkikuntza bikirik agertzen, hark bezainbeste jakintza esparru hartuko dituena eta haren pareko kopuruetan. Orain arte, ordea, Iruña-Veleia auziari buruz idatzi, esan eta ikertu den guztiaren ondoren ere, eta piezak faltsuak direla esateko erabilitako argudioetako bakoitzari banan-banan erantzuten saiatu arren, egiazkotasunaren defendatzaileek ez dute lortu faltsutasunaren aldeko iritzi zientifikoa joeraz aldatzerik. Urtez urte, piezen inguruan metatuz joan den mataza gero eta sendoagoaren bihotzean, erantzunik gabe jarraitzen du lehen korapiloak: zer hipotesik egiten du sinesgarri leku bakar horretan hainbeste jakintza alorri eragiten dieten hainbeste pieza agertzea?

Faltsutzea baieztatu du epaiak orain, baina agertu gabe jarraitzen du faltsutzaileak. Tresnarik ere ez da topatu, eta ez da zehaztu noiz eta nola egin ziren markak. Iruña-Veleiako kasuko beste paradoxetako bat da. Epaitegiko saioek argi utzi zuten, ordea, aztarnategian nola egin zen lan, eta zer hutsune egon ziren. Ezohiko sendotasuna behar dute ezohiko aurkikuntzek, eta, sakonean, erantzun falta horrek apartatu du eztabaida agenda akademikotik, ez epai judizial batek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

El Mono Habitado konpainiaren 'Lurtarrok' antzezlaneko pasarte bat. ©La Caja Gris

Gezurrik gabeko lan eszenikoak, 29. dFeria jaialdian

Andoni Imaz

Martxoaren 13tik 16ra, 28 konpainia arituko dira Donostian, eta 44 emanaldi egingo dituzte guztira. Dantza eta antzerki ikuskizunak dira gehienak, eta, aurten, zirkua ere izango da. Jaialdia «erreferente» bilakatu nahi dute Europan.

<em>Komedia madarikatua</em> antzezlana. ©HODEI TORRES

Gai sakonak, umorez landuak

Olatz Enzunza Mallona

Bilboko Pabiloi 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak 'Komedia madarikatua' estreinatuko du gaur, areto horretan bertan. Antzezlanak drama eta komedia uztartuko ditu , eta gizarte gatazkak izango ditu hizpide, «modu komikoan, betiere»

Kristonak taldeko bost kideak, <em>Ahobetehortz</em> diskoa iragartzeko argazki batean. ©KRISTONAK TALDEA

Etsipenetik piztu dira

Olatz Enzunza Mallona

Kristonak taldeak aro berri bat abiatu du, 'Ahobetehortz' lanarekin. Eskean Kristo atzean utzi arren, taldearen betiko nortasunari eutsi diote. Bihar hasiko dute bira, Ondarroan
Rotterdamen eta gurean ez da faszinagarriagorik

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iñigo Astiz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...