Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ahoskera federala

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Beste behin, Espainiako telebista publikoan. Betiko hiru chefak pantailan. Bi ontzi bete lanperna ditu Francoren Mengeleren bilobak, errepublikarrak endekatuak eta emakumeak gutxiago zirela zientifikoki demostratu zuen psikiatra militar harenak (arrazoi du Alberto Barandiaranek: ez gara gure aurrekoek egindakoen erantzule… non eta ez garen behintzat haien bidegabekeriei esker gizendu). Bi treska lanperna, beraz, eta haiexek saltzea bi lankideek bete beharreko erronka, hori bai, «galiziar percebeirorik onenak bazinete bezala». Aldatu du kolpetik ahoskera baldedunak, eta lagunetako batek atoan, «zer gertatzen zaizu ahoan?». Toledokoa da, badaki zer den gaztelera ona. Algaraz eztanda Vallejo-Nagerak. Heldu dio, baina, amuari sukaldari filologoak, eta hor ekin dio zerbaiten ustean, galegoa, zerbait bada, ahoskera exajeratua baita, ordura arte isilik egon den lankideak eten dion arte: «zu galegoa zara ala euskalduna?». Txalo biloba baldedunak, zoro-gangar.

Espainiar komediaren arrasto zaharrean dabiltza jolasean hiru chefak. Galegoaren ebakera, beste hainbatena bezalaxe, barregarria da, hor dute txaloaren giltza. Ez baita geografia bakarrik. Eta hain du barneratua hau bufoiak berak ere, non lotsaturik, Television de Galicia martxan jarri bezperatan, Madrilera bidali zituzten esatariak. Zertara? Ahoskera galegoa erauztera… kamera aurrean galegoz taxu-antzean egin zezaten.

Gaixo Miquel Iceta! Duela sei hilabete, Lurralde Politikarako ministro izendatu berri, espainiar errepublika federalaz berotu zigun burua. Orain, Kultura ministerioan buru jarri dutelarik, gazteleraz gainerako hizkuntzetan eginiko ekoizpena lagundu nahi omen du. Berak jakingo du zer indar duen espedizio sideraletarako. Bitartean, periferiak barregai izaten segitzen du espainiar hegemonikoen barne-muinetan, ez dira horretan bereizten mengeletarrak eta haren biktimen ondorengoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.