Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Maratoiaren hitzak

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hurrengo Korrikaren kantua ezagutarazi zaigularik, ezin burutik kendu lagunaren hitzak. Ez dagoela ongi pentsatua Korrika, ez garela atletak, ez dugula egoki pasatzen lekukoa. Hizkuntzaren aldeko lasterketan bagabiltza, ahotik belarrira eman beharko geniokeela mezua batak besteari. Ahotik belarrira, errelebo bakoitzean beren-beregi sortutako esaldi bat bat, hizkuntza bat ez baita paper batean errenditzen, ezpada eguneroko jardun bizian.

Eta nago hain zuzen horrexegatik aldatu beharko litzatekeela behingoz EITBren Maratoiaren formatua (Alzheimerra ikertzeko bilduko omen da aurten). Aldatu, eta Korrikan bezala, sosa beharrean jendearen ahotsa jaso lekukoan. Azken beltzean, zer dela eta nahasten da Gabon airean bihozberatuta emaniko dirua osasun sistema publiko duina mantentzearekin? Eta entzun, jendearen ahotik, zer ekarri digun egunerokoan Osakidetzak harrera guneak ixteak. Entzun ez dela ordainik gabea 4.000 langile kaleratzea pandemiaren erdian. Entzun nola den ezinezkoa inorekin hitz egitea, telefonoak zeure onetik atera arte izaten zaituela zain bestaldean. Onenean, hitzorduak martxorako ari direla ematen, urtebete barrurako… edo hurrengo bizialdirako. Bi mila euskalerditarretik gora hil dira aurten menpekotasun kasuen itxaron zerrendetan.

Eta bai, minbiziarekin bezala, berebizikoa da Alzheimerraren kontrako borrokan ikertzen segitzea, garaiz ibiltzea beste. Zenbat eta lehenago diagnostikatu, lehenago pautatu ahal izango da medikazioa eta egokitu terapia, gaitzaren eraginak moteltzeko. Baina nola egingo da hau sistema itoa badago? Nola zubi guztiak lehertu badira eta komunikazioa ezinezkoa bada?

Ideologia arazoa da. Errukiak ezin ordezka dezake hemen erabaki politikoa. Zabaldu mikroak eta entzun maratoia. Entzun zer dioen lekukoak osasun sistema eraisten dabiltzarik satisfazioa Euskadi deitzen den hemen honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.