Albistea entzun

LARREPETIT

Titanic-en gu

Iñigo Aranbarri -

2021eko urtarrilak 31

Joko gaitza eman du Titanicek mendebaldeko kultura transmisioan. Belfasten, troubleen osteko hiriaren aldaketaren branka bihurtu dute hura egin zen ontziola, baina ostean, erabat bestekoa du sinbolismoa. Hans Magnus Erzensbergerrek transatlantikoaren azken orenak berregin zituen Titanicen hondoratzea poema epikoan, itxura batera irudiek erakusten zutenaren bidez islatzeko idazlearen sinesmen marxistaren gainbehera. «Titanic sindromea» deitzen zaio, berriz, Zygmunt Bauman poloniar filosofoaren beldur likidoaren ingurumariari, alegia, egunerokotasun antolatu eta zibilizatuaren babesik gabe, honen zirrikituetatik ezerez sakonera erortzeko izuari. Titanicek, izan ere, zaina jotzeko moduko elementu asko du: hondoraezina zenaren hondoratzeak, salbamendu-potinetara igotzeko borrokak eta itsaso izoztuan laguntza zain hil ziren haiek guztiak; esan gabe doa, nabarmen gehiago zenbat eta merkeagoa ontziratze-txartela.

Egunotan, ezin izan dut ez ikusi Santamarina eta Basurtuko buruena, txalupetara aurrenak igotzen, gainontzekoei arraun-zartaka. Baumanek deskribatu izuaren erdian, kamarotez kamarote erakutsi du ontzia Europar Batasunak farmazia industriarekin izan duen arrazoibideak. Golkoko emirerritarrak zein britainiarrak, gehien ordaindu dutenak igo dira lehenbiziko baltsetara. Ondoren goaz gu, eta seguru antzean gaude izango dugula tokirik. Munduaren beste hiru laurdenak ez direla garaiz igoko, oraindixe dakigu. Hondora goazela, lortutako txertoen formulak zergatik ez libre utzi eta unibertsaldu hori bada denontzat potinak lortzeko bidea, galdera arrunt lakasta da, galdera humano gehienak bezain desegokia.

Titanicek metafora izaten segi dezan, kendu beharra baitago erromantikotik duena. 3.327 plaza zituen. 2.224 bidaiari zihoazen hondoratu zuen gauean. Ontziaren jabe zen White Star Line konpainiak 1.178 lagunentzako tokia zuen prestatua txalupetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.