Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kanibalismo demokratikoa

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako eskuin muturreko fundazio batek antolatutako hitzaldia Madrilen, Frente Popularra mintzagai. Mukuru betea dago aretoa, kanpoan jendea. Sovietarrek sortutako gaitzaz ari dira, nola hil zituzten berek bezala pentsatzen ez zuten guztiak. «Frente Popularra beti izan da aberaskumeen gauza. Langileek ez diete inoiz komunistei botorik eman, asko kostatu baitzaie dutena irabaztea». Kataluniako gaurko egoerarekin lotzea, berez dator. Ines Arrimadasen adorea goraipatu du Federico Jimenez Losantos kazetariak, eta orain urtebeteko gertaerak gogoan, nola atera zen Felipe VI. erregea «espainiar eliteko lehena, astakeria hari aurre egitera, no pasaran esatera».

Galizian, Compostelan, Buenos Airesetik heldutako kutxa handi bat zabaldu da hiriko museoan, agintari guztien aurrean. Bi metro luze den kuadroa da, 1945ean Alfonso R. Castelaok Argentinako erbestean margotutako Maisuaren azken ikasgaia. Mihisean, hilik ageri da gizona lur gainean, bi ume dituela aldamenean. Alexander Boveda da, Castelaoren laguna eta Alderdi Galegistako buruetako bat, frankistek fusilatua. Sinbolo bat da, «Guernica galegoa» deitu izan zaio. Koadroaren aurrean, Xuntako presidente Alberto Nuñez Feixook ez du ez Boveda, ez honen fusilamendua, ez egilearen erbesteratzea aipatu.«Demokraziaren balioak» ekarri ditu gogora, nola«bi Mundu Gerren ostean Castelaok buruan zeukan Galizia amestu baino ez zitekeen egin. Orain gu gara neurri batean», biribildu du, «Castelaok amestu zuen Galizia hura».

No pasaran, fusilatzailerik gabeko fusilatua... bestearen ikurrak, norberarenak eginda. Nahi izatera, ez dute urrun oihartzuna. Kongoko gerran, atzo, aspaldi batean Guajirako gerlariek espainiar konkistatzaileekin egiten zutena egin izan da: bihotza jan etsaiari, haren indarra izateko hala. Kanibalagoa da dena, ordea, hemen. Bihotza ez, burmuina ateratzen zaio, ez dezan pentsatzen segi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.