Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ahoan kondena

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Berdin da zer diozun, gezia darabilzun ala laztana, ogia eskatu diozun ala zakutik hartzera bidali, ezen hor dago. Hor duzu gantza zainean bezala itsatsita esaldi, berba, silaba, hizki bakoitzaren ondoan. Horixe baita ahoskera, doinua, azentua; historia kolektiboaren txatal bat ahoan bizirik. Bitxikeria eta guzti: norberak baino, inork identifikatuko dizu errazago.

Jean Luc Melenchon, La France Insoumiseko buru histrioiak oraindik orain Veronique Gaureli identifikatu dion bezala Hexagonoko hego-mendebaldekoa duela, kazetariak gustuko izan ez duen galdera bat egin dionean: «Qu'esseuh-que ça veut direuh?», trufatu zaio jende aurrean, kakazotz egiteko errematean: «Inork badu galderarik frantsesez?».

Ez du aurreneko aldia. Jupiter Macron presidenteari Frantziako herri xehea karrikara atera eta erregea eraisteko gai izan dela gogorarazten dion Espartako MelenchonekJainkoaren eskutik jaso baitzituen frantses-zuzen-ahoskatuaren taulak Garaipen Arkuan bertan. Jakobino jator, ezkerreko beste buruzagi askok bezala, biziki gorroto ditu periferiak, «hizkuntza erregionalak» eta hizkera urrunak, hiztunak iraintzeraino. Philippe Blanchet soziolinguistak ongi azaldu du zertan den afera: «Azken berrehun urtean, Pariseko burgesia handiak bere ebakera ezarri du erreferentzia gisa. Lehenbizi, hizkuntza erregionalak baztertu ziren. Ahoskera da horien hondarra. Jendea hizkuntza horien arrastoarekin mintzo da frantsesez, baina hori ere ez da onartzen».

Errepublikazaleen arazoak. Espainiako Erresuman, urteak dira konponbidea aurkitu zitzaiola ebakeren kontu honi. Periferiaren kanpoaldean, Galizia beti hebainduan, egon zen buru aski argi bat soluzioa berehala ikusi zuena. TVG katea jartzera zihoazela, ikastaro batera bidali zituzten Madrilera pantaila aurrean agertu behar zuten esatariak... galiziar azentoa ken ziezaieten galegoz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.