Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Modernitatea

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Handia filmaren amaieran, trenaren ke haria ageri da pantaila atzean. Horra nola erakusten zaion ikusleari Altzoko Handiaren, eta honekin batera, antigoalekoa deritzogun begirada baten akabua eta berriaren etorrera. Bimunduren arteko muga da trena. Joan Mari Irigoienen Babilonia nobelan bezalaxe. Orro egiten du Don Tirso apaizak pulpitutik: «trenaren alde dagoena bekatu mortalean dago…». Eta azkenean, trena herrira heltzen delarik, bortxaketa bat dakar berarekin.

Ez da hutsetik sortua hau guztiau. 1872ko ekainean, Bilboko kartzelatik ihes egindako hiru boluntario karlistak, Arrigorriagaraino helduta, su eman zioten tren geltokiari eta Tuteratik Bilborako lineako bi bagoiri. Hasiera baino ez zen izan. Hurrengo urteetan, 93 kilometro trenbide erauzi ziren, 19 zubi lehertu, 9 lokomotora txikitu, 150 bagoi erre… Aitzakia ez zen beti militarra. Tradizionalismoak ez zuen trenak zekarrena maite. Horra, duela hogei urtetik goiti, Abiadura Handiko Trenaren proiektua abiatu zelarik, aldekoek behar zuten imajinarioa. Gu modernoak. Zuek atzerakoiak.

Lemoizko azekin bezalaxe, 2010erako bukatzen ez bazen, larri ibiliko ginela iragarri zuen Ardanza gobernuak. Hamaika urte pasatu dira, gastatu dira 8.000 milioi eurotik gora, txikitu dira txikitzeko geratzen zena eta azkenik, egindako txapuzak bultzatzaileak berak atera ditu bere onetik: dirutza xahututa; loturarik ez; ez trenbiderik ez trenik; ez da bidegorri bat besterik. «Desastre hutsa da» bota du Ortuzarrek.

Eta egindakoa eraisten hasiko ez direnez, aitortu beharko da zer egin den gaizki urte hauetan guztietan; beste herrialde batzuetan bezala, zergatik itxi zitzaizkion ateak tren ereduen eztabaidari eta herritarren parte hartzeari; zergatik estali zen dena lustre baldar batez. Kudeaketaren arduradunak ez dituztela salatuko, janda daukat. Ez da modernoena nork bere burua errudun gisa erakustea inoren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.