NOR BERE MEZULARI

Sarean beren lanaren zabalpena egitera ohitu dira azken urteetan sortzaileak. Eusko Jaurlaritzak ere zenbait sorkuntzarako bekatan autosustapena baloratu duela da horren azken froga. Fenomenoaren argi-itzalez aritu dira sortzaileak BERRIArekin.

Inigo Astiz
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Sintomatikoa da datua: Eusko Jaurlaritzak baloratu egin du autosustapena. Sortzaileen lanaren kalitateaz gain, eta sortzailearen ibilbide artistikoarekin batera, beren sorkuntza Interneten hedatzeko plangintza ere hartu dute kontuan iaz martxan jarritako hainbat sorkuntza bekatan. Esate baterako, ondorengoa baloratu dute, hitzez hitz, komikiak eta nobela grafikoak sortzeko, gazteentzako euskarazko literatura testuak idazteko eta euskarazko ipuinak eta eleberri motzak sortzeko deialdietan: «Itzulpenak, hedapen-estrategiak, nazioartekotze-estrategiak, booktrailer edo bestelako komunikazio-ekintzak». Autosustapena, alegia. Ez da balorazioaren atal garrantzitsuena, baina bada balorazioaren parte, eta sintomatikoa da hori. Sortzaileek beren sormen lanen zabalpena beren egunerokoaren parte bilakatu zutela, eta joera horren erakusgarri bat gehiago baino ez da Eusko Jaurlaritzaren azken deialdia. Sorkuntza prozesuaren parte bilakatu da kasik autosustapena.

«Bai, animatzen naiz». Onartu du BERRIA egunkariaren proposamena Katixa Agirre idazleak, baina ez ironiarik gabe. «Nire autosustapenerako bidea izan daiteke», zehaztu du. 2015ean kaleratu zuen Atertu arte itxaron eleberria, eta haren gaztelerazko itzulpenaren aurkezpenekin dabil orain. Pre-Textos argitaletxeak kaleratu du Los turistas desganados, eta haren zabalpen lanean ari da idazlea orain sare sozialetan. Ematen du aurkezpenen berri, zabaltzen ditu hedabideetako elkarrizketak, eta txertatzen ditu egin dizkioten kritikak ere. Baina dioenez, «anbibalentea» da sare sozialekin duen harremana. «Nik ere egiten dut zabalpen lan hori, baina ez zalantzarik eta erru sentimendurik gabe».

Zalantza, egindako lan horrek zer emaitza zehatz eman dezakeen ez jakiteagatik. Eta errua, zabalpenari eskainitako denbora sorkuntzari kentzeagatik. «Banitateari ere egin ahal diote laztantxoren bat sare sozialek. Erraza da inork zuri buruz idatzitako txio bat zabaltzea, edo elkarrizketa bat zabaltzea edo kritika on baten berri ematea. Zeure buruari sorbaldan kolpetxoa ematea bezala da, eta hori atseginagoa eta errazagoa da idazten aritzea baino».

Eta hor errua. «Sare sozialak kudeatzen denbora asko pasatzen da, eta nik, bestela ere, ez daukat idazteko denbora askorik, eta daukadan gutxia idazten inbertitu beharrean halakoetara bideratuz gero, neure buruari galdetzen diot zertan ari naizen».

Bitartekoak nor bere esku

Erruaren aipamenik ez Igor Elortza bertsolariaren hitzetan. Sortzailearen lanaren parte da zabalpen lana, haren ustez, eta azaldu du zergatik. «Egia da sortzaileek beren sormen lanen zabalpena beren egunerokoaren parte bilakatu dutela, eta, nire ustez, ona da hori». Eta jarraitu du: «Zelanbait, bitartekoak geure esku hartzeko ideia ezkertiarragaz bat dator, eta gure lanaren kontzientzia osoagoa ematen digula deritzot. Noski, negozioak funtzionatzen duenean, artistarentzat ere erosoagoa da sorkuntza sakralizatzea eta egitekorik nekoso eta fama eskasekoenak besteren esku uztea. Nik bertso-munduaz gainera, euskal antzerki eta musika mundua ezagutzen ditut apur bat, eta, euskal sortzaileon kasuan behintzat, oso garbi daukat lorpenen atzean, modu batera edo bestera antolatuta, euren lanaren osotasunaren eta bitartekoen jabetza dagoela».

Gu Ta Gutarrak proiektuarekin hartu zuen Interneten indarraren kontzientzia bertsolariak. Zazpi Eskale proiektuarekin izandako arrakastak bultzatuta, bigarrenez elkartzea erabaki zuten Elortzak eta Unai Iturriaga bertsolariak eta Josu Zabala musikariak, eta hamaika saio eskaini zituzten 2008. urtera arte. Kalean eskainitako saio haiei Interneten ematen zieten jarraipena. Diskoak saltzen zituzten, bideoak igo, lagunak zirikatu, jolasak planteatu... Eta horregatik Elortzaren zehaztapena, zeren eta haren ustez ez baita gauza bera sustapena eta komunikazioa. «Ez da politago egiteagatik. Uste dut gehienek Internet sustapenerako bakarrik darabiltela, eta akats handia iruditzen zait hori, murritza eta antzua».

Distira eta prekaritatea

Kulturgileen prekarizazioa aztertu du Remedios Zafra idazle eta ikerlariak El entusiasmo liburuan. Eta harentzat, autoesplotazioaren adar bat gehiago da autosustapenarena. El Salto aldizkariari eskainitako elkarrizketan azaldu zuen bere ikuspuntua:«Aro digital honetan, on line bizitzak dira prekarizazioa naturalizatzeko oinarria. Gero eta denbora gehiago eskaintzen diogu gure sareak eta sareko gure gu hori kudeatzeari. Gu gara gaur egungo sorkuntza produktu nagusia».

Jon Basagureni ezagun zaio Zafrak aipatzen duen neke hori. Izaki Gardenak taldeko musikari eta abeslaria da, eta, bera aritzen da maiz bere taldeari buruzko albisteen zabalpen lanetan. Baina, horrez gainera, Euskadi Irratiko Zidorrean irratsaioko esataria ere bada, eta, onartu duenez, kasu horretan ere maiz baliatzen ditu sare sozialetan arrantzatutako nobedadeak.

Eta baietz dio Basagurenek ere. Bat datorrela Zafrarekin. Prekarizazio orokorrago baten parte dela sare sozialetan eman beharreko denbora hori. «Diskoetxeen eta musikaren industriaren beherakadarekin lotzen dut nik hori», dio. «Nik ez dut halakorik ezagutu, baina lehen bazegoen jendea etxean egoten zena bere kantak egiten eta bere diskoa prestatzen, eta diskoetxea arduratzen zen gero gainontzeko guztiez: birak prestatzen zizkizuten, ekoizpena egiten zuten, elkarrizketak egitera eramaten zintuzten... Hori gustatuko litzaiguke orain ere, baina bihurtu behar izan dugu aditu manager lanetan, kontzertuak lotzen, ekoizle ere bagara kasik guztiok, komunikatzaileak eta sustapenean adituak ere bai, bestela jai daukagulako».

Indarrak batzeko garaia da egungoa, haren ustez: «Sintomatikoa izango da, baina guk geuk bulegotxo bat jarri dugu martxan komunikazioan aritzeko».

Uhinak du izena Basaguren eta kideen komunikazio proiektuak. Libe musikariaren azken diskoarekin jarri zuten martxan, eta gerora, MICE eta Izaki Gardenak taldeen zabalkundea ere egiten dute: mezu elektronikoak bidali, sare sozialak kudeatu, oinarrizko komunikazio estrategiak planteatu...

Zarata arteko zabalpena

Eta hori guztia zergatik? «Ikusten ari garelako gero eta garrantzitsuagoa dela alor hori», azaldu du Basagurenek. «Denbora asko eskaini behar diozu egiten duzun lana komunikatzeari, eta askotan denbora gehiago ematen dugu mezuak idazten eta sare sozialak elikatzen kantak egiten baino, eta horrek amorru pixka bat ematen du. Baina, era berean, sekulako kantuak egiten badituzu, eta, gero, lan hori komunikatzen asmatu ez, eta ez bazara jendearengana iristen, abesti horiek ezerezean gelditzen dira, eta horrek ere amorru handia ematen du».

Sare sozialen abantaila argia da, Basagurenen hitzetan: urrunago hel zaitezke. Oztopoa ere nabarmena dela dio: zarata askoren artean egin behar da bidea.

Natibo digitala da Malen Amenabar diseinatzailea. 23 urte ditu, eta sarea hedatuta zegoen diseinuan hasi zenerako. Unibertsitatean jaso zituen bere lanak Interneten zabaltzeko lehen gomendioak, baina urte batzuk behar izan zituen propio sentitzeko. «Arte Ederrak ikasi nuen, eta momentu batetik aurrera, irakasle batzuk oso kanpora begira jarri ziren. Esaten ziguten oso garrantzitsua zela portfolioa egitea, eta oso garrantzitsua zela gure lana aditzera ematea. Momentu hartan nik ez nien kasu handirik egin. Baina irakaskuntzan aritu ahal izateko masterra egin nuen gero, asko sumatu nuen faltan sorkuntza, eta konturatu nintzen hori lortzeko salto handi bat eman behar nuela bizitzan, eta salto hori emateko lagungarria izango zela nire lana zabaltzea. Nire webgunea osatu nuen, eta beste sare sozial guztietan ere sartu nintzen».

Eta lortu du oihartzuna.

Erakusleihoa kudeatzea

Piztu du interesa haren lanak, eta ezagun eginez doa haren sinadura. Egin ditu kontzertuen kartelak, hartu du parte zuzeneko emanaldietan, Txakur Gorria kolektiboarekin egindako ehunka liburu saldu ditu Durangoko Azokan, eta harena da, besteak beste, Rafa Ruedaren azken diskoko diseinua ere. Eta, neurri batean, sare sozialei esker egin du bide hori.

Beldur puntu bat ere badu. «Bai, zabalpen handia lor daiteke sarean, baina beldurra ere ematen dit». Amenabarrek onartu du Interneten lortutako oihartzunak bultzatu duela bere sorkuntza-lana serioago hartzera, eta aitortu du jendea zain sentitzeak motibatu duela, baina ez dago erabat eroso, halere. «Denoi gustatzen zaigu Atsegin dut asko jasotzea, baina ez dakit zenbateraino den erreala zabalpen hori. Horrek ematen dit beldurra. Postureo asko dute sare sozialek, nik neuk ere egiten ditut halakoak sarean nabilenean, eta ez zait erraza egiten hori kudeatzea. Egon nahi dut erakusleihoan, baina ongi kudeatu nahi dut».

Baina dena ez da sarea. Hedabide tradizionalen indarra ere ezagun du Amenabarrek. Mariñe Arbeo ilustratzailearekin eta Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka bertsolariekin osatzen duen Txakur Gorria kolektiboarekin ikusi du hori, adibidez. Dioenez, oso garrantzitsu izan da Durangoko Azokan erakusmahai fisiko bat jartzea, eta baita BERRIA egunkariaren Txapelpekoak telebista programan kolaboratzea ere. «Flipatu egin dugu! Noraino heldu garen! Sare sozialek ere horretan lagundu digute. Azken batean, hor zaude. Mundu lauso eta difusoa da, baina hor zaude, eta, nolabait ere, erreala da hori ere».

Edonola ere, argi dago: hartzaileari eskua fisikoki luzatzera eraman dezake sortzailea sarean zabaldutako irudi digital batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.