Albistea entzun

Unai Pascual. Ingurumen ekonomian ikertzailea

«Ebidentzia zientifikoa mahai gainean jartzea ez da nahikoa politikak aldatzeko»

Nazioarteko erakundeek darabiltzaten tesien kontra, nekazaritzaren intentsifikazioak ez du zertan lagundu garapenean. Hala ondorioztatu du Pascualek, 'Nature Sustainability' aldizkariak argitaraturiko ikerketan.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2018ko ekainak 29

Unai Pascual (Gasteiz, 1973) Ingurumen Ekonomiako doktorea da. Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroko Ikerbasque ikertzailea da, eta irakasle lanetan aritu da hamar urtez Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Social-ecological outcomes of agricultural intensification (Nekazaritzaren intentsifikazioaren ondorio sozio-ekonomikoak) ikerketa egin du Erresuma Batuko, Danimarkako, Kataluniako, Espainiako eta Frantziako beste bederatzi ikertzailerekin, eta Nature zientzia aldizkariaren Nature Sustainability hilabetekariak argitaratu die artikulua.

Aurten beste bina artikulu argitaratu dizkizute Nature Sustainability eta Science aldizkarietan. Nola hartu duzu arrakasta?

Zientzialariontzat, halako aldizkari batean argitaratzea mendizaleentzat zortzimilako bat igotzea bezala da. Sentsazioa hori da, zortzimilako bat igo duzula eta etxera itzuli zarela. Zientzia argitalpenetan ere hainbat liga daude, kalitatearen arabera mailakatuta daude, eta, horretan, Nature eta Science aldizkariak Everest eta K2ren parekoak dira: mundu mailako errekonozimendua.

Argitaratu arte, oso prozesua luzea izaten da askotan. Zuen ikerketa honen kasuan hala izan da?

Zientzialari anonimo batzuk zure lanaren kalitatea aztertzen dute halakoetan. Gero eta aldizkari hobea, orduan eta zorrotzago aztertzen dute. Aldizkarietan argitaratzea ez da batere erraza. Zientzian baliabideak behar dituzu, oso talde ona, ideia ona, lana txukun egin, eta zorte apur bat. Duela pare bat urte abiatu genuen ikerketa hau, Ingalaterran sortu genuen nazioarteko taldean. Dirua lortu genuen Erresuma Batuko Zientzia Kontseilutik, bi urteko lazna egiteko. Garatzeko bidean diren herrialdetan populazioa hazten ari dela eta horri aurre egiteko, nazioarteak badu diskurtso bat, nekazaritzari dagokionez: produktibitatea handitu behar da, lurra mugatua delako eta gero eta jende gehiago daukagulako planetan, eta jan egin behar dute.

Hor kontzeptu gakoa nekazaritzaren intentsifikazioa da: hau da, lur area bakoitzak gehiago ematea lortu behar da. Horrela formulatuta, ideia bikaina ematen du. Zein da arazoa?

Lurraren emankortasunari txinpartak ateratzeko hainbat modu daude. XX. mendean, oso paradigma teknologikoari jarraitu zaio: ongarri kimikoak erabiltzea, esaterako. Hori askotan aztertu dute, eta ingurumenari kalte egiten diola esateko ebidentzia zientzifiko oso sendoa dago. Badaude beste ereduak, ordea: intentsifikazio jasangarria deiturikoa esaterako. Hor dago bioteknologia, arto edo gari barietate emankorragoak sortzen. Oso alor indartsua da, eta negozio ikaragarria dago multinazionalentzat. Saldu egiten duten diskurtso globala honako hau da: teknologiaren bidez lurraren ekoizpena intentsifika daiteke, eta hortik etorriko da konponbidea, jendea elikatzeko eta gosez ez hiltzeko. Oso aktore boteretsuak daude diskurtso horren atzean. Hirugarren diskurtsoa agroekologiarena da: lurra zainduz eta intentsifikazio ekologiko baten bidez lor daiteke modu jasangarrigo batean gehiago ekoiztea, eta, gero, ekoizpen hori ondo banatu behar da mundu mailan.

Nola ondorioztatu duzue diskurtso teknologikoek ez dutela arazoa konponduko?

Geure buruari galdetu genion ea zer-nolako ebidentzia zientifikoa zegoen baloratzeko intentsifikazioaren eragina ingurumenean eta gizartean, ongizatean, nekazari komunitateetan. Gaurko diskurtsoarekin, bi arlo horietan onurak daudela esaten digute. Ebidentziarik ba al dago horretarako? Hori zen gure galdera zientifikoa. Ebidentziek erakutsi ziguten bietan irabaztea oso gutxitan gertatzen dela, eta, gehienetan, bi arloetan galtzen dela. Hainbat kasutan, ez dago argi: ongizatea hobetzeko ingurumena suntsitu behar dute, edo hura zaintzeko ongizatea murriztu. Nazioarteko diskurtso hori, beraz, ez dago ebidentzia zientifikoan oinarrituta, politikoa da, interes batzuei erantzuten dion diskurtso hutsala da.

Eragin negatiboen edo kalteen adibiderik aztertu duzue?

Uraren erregulazioa oso garrantzitsua da lurraren emankortasuna mantentzeko. Ikusi dugunez, nekazaritzaren intentsifikazioarekin hori izaten da gehien galtzen den zerbitzu ekosistemikoa. Ekoizpen handiagoa duen arto bat landatzen baduzu, esaterako, etekin handiagoa eman diezazuke epe motzean, baina ur gehiago behar badu, uraren erregulazioaren kontrako prozesu bat abia dezakezu, eta kalte egin epe luzera. Horrela da edozein elikagairekin. Hor ikusten dugu lurraren berezko emankortasuna murrizten doala intentsifikazioa handitu ahala. Azkenean, nekazaritzaren emankortasun propioa gehiegi artifizialtzen ari gara. Zientziak erakusten du puntu batetik behera naturaren emankortasunaren galera atzeraezina dela, berreskuratzea ia ezinezkoa dela. Naturak duen erresilientzia kolokan jartzen ari gara, epe motzerako ekoizpena handitzeko. Hori arrisku oso handiak sortzen ari da, batez ere, populazio zaurgarriagoa duten lekuetan.

Baina diskurtso teknologistak esaten du etorkizunean teknologiak berak emango duela konponbidea. Ez al dira sortuko, esaterako, ur gutxiagorekin ekoizpen handiagoa emango duten landareak, eta ongarri berriak?

Sorgin gurpilaren bultzatzaileetako bat da hori. Ez gara gai diskurtso horri aurre egiteko. Duela hogei urte ere esaten ziguten teknologia hobetzen ari zela, baina gaur, teknologia hobetuta ere, eragin negatiboak gertatzen ari dira. Eragin sozialetan ere ikusten dugu: nekazari batzuen errenta maila igotzen da, bai, kasu batzuetan, baina dagoeneko nekazaririk boteretsuenak izaten dira, eta, aldiz, baztertuak eta pobreagoak direnen egoerari are kalte handiagoa egiten ari zaio.

Izkiren ekoizpenean ikusi duzue hori, Bangladeshen. Zer gertatu da han?

Guk jaten ditugun izkirak inportatutakoak dira. Bangladeshen eta beste hainbat herrialdetan izkiren ekoizpena intentsifikatu egin da, modu erasokorrean, produktibitatea handitzeko. Ikusten dugu inbertsiogilerik indartsuenak eta lur sailik handienak dituzten nekazariak —izkirak akuakulturan hazten baitituzte— horiek bakarrik handitzen dutela errenta maila. Beste nekazari txikiek alde egin behar izan dute, eta haien ongizatea asko okertu da. Balantzan jartzen baduzu, ez dugu ikusten jendearen bizi kalitatea handitzen ari denik.

Ondorio horiek aterata, dei egin diezue erakundeei teknobaikortasuna epeltzeko. Entzungo al dizuetela uste duzue?

Esaten duguna ez da berria, baina ebidentzia hori guztia sintetizatzen saiatu gara. Halako aldizkari indartsuetan argitaratzearen abantailetako bat da nekazari kaltetuek eta natura kontserbatzeko ahaleginetan dabiltzanek badutela orain beste tresna zientifiko bat. Eredu teknologista proposatzen dutenei badiete erantzuterik: «Nazioarteko ikerketa honek esaten du zuen eredua berriz aztertu behar dugula, eta zer nolako intentsifikazioa behar dugun bitan pentsatu behar dugula». Halere, ebidentzia zientifikoa mahai gainean jartzea ez da nahikoa politikak aldatzeko, eta horren hainbat adibide dauzkagu. Noiztik dakigu, bada, erretzea txarra dela osasunarentzat, edo klima aldaketa gertatzen ari dela eta oso arriskutsua dela? Halere, oraindik oso geldo gabiltza urratsak egiten politikagintza globalean eta tokian tokikoan, ebidentzia zientifikoa oso argia denean ere. Badakit politikari batek ez duela aldizkari zientifiko bat irakurriko, ez duela jarrera aldatuko egun batetik bestera. Baina hau beste harritxo bat da bide horretan laguntzeko.

Ebidentzia zientifikotik abiatuta, eta kontuan hartuta datozen urteetan Lurreko populazioa hazi egingo dela oraindik, zein litzateke beste aukera?

Lehenengo, lekuan lekuko aukera guztiak aztertu behar dira, nekazaritzaren eta ekologiaren testuinguruak ez dira berdinak Euskal Herrian edo Bolivian, ezta soziologikoak eta politikoak ere. Pentsatzea teknologia berak leku guztietan emaitza positibo berdina izango dituela okerra dela frogatuta dago. Panazea edo grial teknologikoa aurkituko dugula eta goseari mundu mailan irtenbidea emango diogula, eta ingurumenaren aldeko teknologia garatuko dugula... Batetik, halako diskurtso politiko ponpoxoak lekuan lekuko parametroekin ebaluatu behar dira. Bestetik, badaude gauzak egiteko bestelako moduak, intentsifikazio ekologikoa, esaterako: naturak berak eskaintzen dituen funtzioak optimizatzea, hari lagundu horiek indartzen. Lurra erabiltzeko modu eta jakituria tradizionalak aintzat hartu behar dira. Munduko goseari irtenbideak aurkitzeko, gauzak teknologiatik harago eraman behar dira.

Nature-n argitaratzeaz gain, Ikerketa honen emaitzak munduan zabalduko dituzue orain?

Ari dira zabaltzen hainbat bidetik. Nazio Batuen Erakundeko plataforma zientifiko-politikoetan eragina izaten ari da, eta gehiago izango du. FAO [Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea] eta NBEren garapenaren aldeko programek halako ikerketak gehiago kontuan hartzen ari dira, baina ez dakigu gero nola helduko den eragina herrialdeetako ministerioetara. Oraindik ikusten dugu aktorerik boteretsuenak ez daudela gaur daukagun paradigma aldatzeko prest. Talka bat dago ebidentzia zientifikoaren, diskurtsoaren eta praktiken artean. Izan ere, munduan diru laguntza publikoak ematen ari dira nekazaritza intentsifikatzeko oraingo eredua bultzatzeko: ureztatzeko eta ongarrientzako diru laguntzekin, esaterako. Dirutza hori beste intentsifikazio ekologikorako bideratuko balitz, sekulako aukera emango luke horrek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kritika egingo dugu, tokikotik globalera»

Urtzi Urkizu

Bilboko Seriesland jaialdian 'Zikings' animaziozko websailaren lehen atala proiektatu dute. Abenduan sarean izango dira ikusgai aurreneko bost atalak. Proiektua «monetizatu» egin nahiko lukete.
 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Musikan dena dut egiteko»

Gorka Erostarbe Leunda

Pandemiak apenas utzi dion 'Rueda' azken lana behar bezala aurkezten; Bilboko Euskeria abesbatzaz lagunduta kontzertua emango du etzi, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Haurrak lurperatzen zituzten eremuaren indusketa, Begoñako hilerrian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Autopsia hilerri bati

Jakes Goikoetxea

Begoñako hilerria kendu eta parke bat egingo dute Bilbon. Aurretik, ordea, bertako hezurrak ateratzen, aztertzen eta sailkatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertzen ari da. 'Begoñako Argia' izena du proiektuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.