Kaleko erosketak

Herri gehienetan merkatua izaten da astean behin, eta saltzaileak batetik bestera ibiltzen dira. Oraindik jende asko joaten da, baina garai batean salmentak askoz handiagoak ziren. Gainera, bezeroak ez dira gazteak izaten. Prezioa eta kalitatea dira salmentaren oinarriak.

Sartagudatik zuzenean. Begoña Sesmaren postuan herriko fruta eta barazkiak saltzen dituzte. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Barañain
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jendea oso kontent dago intxaurrekin!». «Golden, fuji, 99tan; nahastu daitezke!». «Pijamatxoa prezio onean!». Goizeko hamar eta erdiak dira, eta oihu horiek aditu litezke Barañaingo Eultza etorbidean (Nafarroa). Asteartero merkatua han da, bezeroen esperoan. Goizean goiz hasten dira postuak muntatzen; atrezzo atsegina: txorizo eta lukainkak dilindan, fruta eta barazkien kolore mosaikoa, eta jantziak metalezko barretatik zintzilik. Salgaiak eskura daude, eta begitara.

Negua izanagatik ere, eguzkiak goxo laztantzen ditu sagar berde, gorri eta marroien azalak. Bi gurpileko gurdiak gora eta behera dabiltza inguruetako karriketan: berdin hamarretan, berdin eguerdian. Hara ailegatu da Pako Astiz, poltsak betetzeko asmoz. Sarreran ozpin usaina antzematen da, oliben bainuaren ondorio. Ardiarena gero, eta denetariko hestebeteena. Barnerago, baratzeko lurrina, eta, ezkerraldean dauden kaleetan, larru hatsa: han dira jantziak eta jatekoak ez diren produktuak.

Ilarak ditu zain Astizek. Noski, ilaran zain egon da, erosketa egiteko. Janaria saltzen duten postu guzietan itxaron behar da txanda. Bien bitartean, bikoteka edo multzo txikietan bildu dira galtzontzilloak, kuleroak eta galtzerdiak begiratzen dabiltzanak. Merkatuaren zati hori lasaiagoa da. Eta gurutzatzen diren solasaldien mar-marra, merkatuaren estalpe. Merkatuak giro berezia du: saltzaile eta erosleak biltzen diren plaza publikoa. Parez pare dute Mercadona handi bat, zuzenean haiei begira. Aparkalekua, aterpea eta produktu eskaintza zabala baditu ere, ez dio itzalik egiten ohiko merkatuari. Oraingoz ez, behinik behin. Ordu horretan eta egun horretan ez, behinik behin.

Giroak eta tokiko produktu freskoak erosteko asmoak bultzatu du Astiz merkatura. Astero ez, baina hamabostean behin joan ohi da. Edo etxean zerbait faltan duenetan. Barazki gutxi, baratzea baitu, baina frutak eta arrautzak han erostea nahiago du: «Uste dut tokiko produktuak hobe izan daitezkeela, freskoagoak eta naturalagoak kanpokoarekin alderatuta, eta ekonomikoki babesten dugu gure herriko interesa». Merkatuan jende askorekin egin ohi du topo, gainera: «Merkatuko giroa polita da. Denetik ibiltzen da, baina, gehienbat, erretiratuak. Kanpotik ere jende dezente etortzen da; adibidez, Iruñetik».

Kaleko lan gogorra

Aldea nabarmena da janari saltzaileen eta gainerako produktu saltzaileen artean. Lau kaletan banaturik dira postuak Barañainen, eta ezkerrean daudenak dira jende gutxien dutenak. Han da Javier Presentacion, burdindegiko saltzailea. Furgonetaren aurrean paratutako mahaietan ditu salgai guziak, bistan. 30 urte daramatza lan horretan, eta Nafarroako eta Errioxako (Espainia) merkatuetan aritzen da. Egunero errepikatzen du errutina: goizean goiz jaiki, furgoneta hartu, eta postua goiz muntatzen du. Lehenbiziko bezeroak 07:30 aldera iristen baitira. 13:00 inguruan biltzen hasi, eta 16:00 aldera ailegatzen da etxera.

Eguraldi txarra egiten duenean lan gogorra dela onartu du: «Eguraldi ona egiten badu, jendea etortzen da merkatura, baina, bestela, gehiago kostatzen zaio, saltoki handien aterpean erosoago egiten baitira erosketak». Hala ere, zerura begiratu gabe joan behar izaten du lanera: «Beti etorri behar dugu hona, postuak urte osorako ordaintzen ditugulako. Egun batean etortzen ez bagara, dirua galtzen dugu».

Ez dira garai errazak kaleko salmentarentzat. Janariaz besteko produktuetan ez, bederen. Urtetik urtera salmenta gutxiago izaten dituela esan du: «Garai batean oso ongi saltzen zen, alaitasun handia zegoen, baina jendeak geroz eta diru gutxiago du gastatzeko. Hilabete bukaerara iristeko zailtasunak ditu; beraz, kontsumoa gain behera etorri da». Arazoa larritzen duen beste faktore bat badago, gainera: «Kontrara, gastuak geroz eta handiagoak dira: gasolioa, postuen prezioa... Orduan, nahiko gaizki gabiltza».

Beste aldean, saltzaileek esan dute egoera hobea dela. Alegia, elikagaien aldean. Egoera ekonomikoa da hobea, lan aldetik antzekoa izaten baita: goizean goiz esnatu, furgoneta merkatura eraman, saldu, dena bildu, sobratutakoak biltegian gorde, eta etxera. Sekula ez 16:00 baino lehen.Begoña Sesma Sartagudatik (Nafarroa) joaten da Barañain, Andosilla, Beriain eta Landabengo merkatuetara (Nafarroa). Asteburuetan beranduago bukatzen dute lana: «Jendeak besta du, aste osorako erosten du, eta, beraz, gehiago luzatzen da eguna». Ondoko kalean dago Jesus Pereda, Sakanako gaztak eta arrautzak saltzen. Sesmaren hitzak berretsi ditu: «Hemen ez da irekitzeko edo ixteko ordutegirik; jenderik ez dagoen arte egoten gara lanean». Azken hori Iruñerriko lau merkatutan eta Tafallan (Nafarroa) aritzen da.

Peredak 40 urte daramatza herriz herri kalean saltzen. Denbora horretan, merkatuak eta jendearen ohiturak aldatu direla ikusi du: «Aldaketa handiak izan dira: orain ez da lehen bezala saltzen, ezta urrik eman ere. Saltoki handiak daude, izkina guzietan komertzio txikiak daude... Komertzio asko dago, eta horien artean banatzen dira bezeroak. Beraz, bai, jaitsi da. Baina, hala ere, gutxi gorabehera ongi bizitzeko mantentzen gara». Beste aldaketa bat: orain emakume gehienek soldatapeko lana egiten dute; beraz, aste tartean goizez izaten diren merkatuetara erretiratuak joaten dira batik bat. Jende gazteari dagokionez, gutxi izaten dira. Hala ere, Sesmak dio asteburuetan jende gazte gehiago izaten dela, adibidez, Landabengo merkatuan. Sobera ez, hala ere.

Sartagudakoak ez ditu hainbeste urte eman negozio horretan, baina aldaketa batzuk ikusi ditu; esaterako, erosketa ohituretan: «Jende askok Whatsapp bidez egiten dizkigu eskariak bezperan, eta, gero, eskaria biltzera etortzen dira. Guregan konfiantza handia dute». Ez hori bakarrik: «Erosketak agudoago egiten dira, eta gazteek protesta gutxiago dute. Zaharrei azalpen gehiago eman behar izaten dizkiegu».

Saltoki handiak izaten dira merkatu txikiagoei kalte egiten dietenak. Barañaingo merkatuaren parean halako bat dago, baina Sesmak dio ez diela eragin: «Ez dut antzeman salmentek behera egin dutenik Mercadona jarri zutenetik. Kalitatea eskaintzen dugu, eta prezioa pixka bat egokitzen dugu; hori da lehiatzeko modu bakarra». Peredak ere uste du lehia handia dagoela, baina eusten diote: «Kalitatea eta prezioa dira oinarria».

Merkatuaren etorkizuna

Haien produktu gehienak bertakoak dira. «Aurreko egunean jasotako fruta eta barazkiak ditugu, jendeak bere puntuan eraman ditzan, eta ez heldu gabe». Neguan Herrialde Katalanetako eta Espainiako fruta izaten dute, baina, udan, dena Sartagudakoa da. Barazkiak beti haienak. Peredatarrek ere ia dena Sakanakoa dute. Bakailaoa ez; hori Islandiatik ekartzen dute. Bi saltzaileek nabarmendu dute lan nekeza izan arren goiza «oso agudo» pasatzen zaiela. Gainera, ez dira geldirik egoten; beraz, ez dute hotz handirik pasatzen neguan.

Bezeroekin duten harremana maite dute. Berdin pentsatzen du Miren Peredak. Aitarekin batera ari da. Ikaslea da, baina, behar denean, familiako negozioan laguntzen du. Merkatuko saltzaile gazteenetako bat izanen da. «Lana asko gustatzen zait: bezeroekin oso gertu aritzen gara». Okerrena: muntatzen eta desmuntatzen ibiltzea, eta eguraldi txarra; haizea dabilenean, adibidez. «Lan arraroa da gazteentzat; normalki tabernetan aritzen dira. Baina nik ez dut baztertzen lan hau. Ikusiko dut ikasketak bukatzean».

Sesmak ere baditu langile gazteak. Lekukoa hartuko duenik bada, beraz. Bezeroen joan-etorria etengabekoa izan da. Jesus Peredak argi du: «Oraindik honek badu etorkizunik. Espero dugu zaharrek oraindik segituko dutela, eta ea gazteak erakartzen ditugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.