ATZEKOZ AURRERA

Tontorrean ere festa da

Gasteizko jaiez gozatzeko aukera desberdin bat ematen du gaztetxeak, Alde Zaharreko goialdeko muinoan dagoen etxeak. Familia eta haur asko elkartzen dira han, Zeledon jaitsi ostean. Musika eskaintza zabala izango da, abuztuaren 8ra arte; 9an, itxi egiten dute, giroa txosnetara eramateko.

Tontorrean ere festa da.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Olagarroak itsasora, babosoak mendira eta matxiruloak sutara! leloak ematen du ongietorria muinoko etxearen kanpoaldean. Garbi dago aurtengo jaietarako kontsigna Gasteizko Gaztetxean: eraso matxistak arbuiatzen dituen edonork ateak parez pare irekiak ditu tartetxo batean ondo pasatzeko, bai adinekoek eta bai haurtxoek. Horien presentzia «tradiziotxo» bihurtu dela dio Gasteizko Gazte Asanbladako Aitziber Ramirez de la Piscinak; bai, behintzat, Zeledonen jaitsieraren ostean: «Andre Maria Zuriaren plazatik jendetza etortzen da, familiak, umeak... Belaunaldien artekoa da».

Aurten ere garbi ikusi zen gaztetxekoen adin aniztasuna abuztuaren 4ko arratsaldean. Suziria jaurti bezain laster iritsi ziren lehenengoak muinoko etxera, DJa entzun bitartean trago bat hartu, eta Zalduondoko baserritarraren ingurukoak elkarri kontatzera.

Hori berretsi du Jasone Elorza oiartzuarrak, semeak Fermin Muguruzaren doinuekin dantzatzen ari zaizkion bitartean: «Ez naiz hemengoa, baina gasteiztarrekin nabil, eta hona etorri gara, txikienekin egoteko oso ondo dagoela esana zidatelako».

Musika da nagusi gaztetxeko egitarauan, Zalduondoko baserritarra jaisten denetik abuztuaren 8ra arte. Jaietako azken egunean ateak ixten ditu gaztetxeak, festa giroa txosnetara eramateko xedez. Bitarte horretan, besteak beste, punk doinuak eta kunbia erritmo kolonbiarrak entzuteko parada izango da; baita Kargak & Deskargak taldearen bertsoak eta rapa ere.

Egitaraua antolatzeko, aurten «goiz» hasi direla aitortu du Ander Abaskalek, gazte asanbladako kideak. Gainera, «kuriosotzat» jo du aurten gertatutakoa, hiru musika taldekAkraiak, Beltzak eta Sara Hebek euren burua eskaini zutelako gaztetxean jotzeko, jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.