ATZEKOZ AURRERA

Jaia zapuzteko, ez da aski euria

Euriak ez ditu atzera bota zarauztarrak Euskal Jai egunean, eta, baserritar jantzia soinean, kalera irten dira, goizean goizetik. Antzezlan koloretsu eta zorrotza egin du Alproja taldeak.

Jendea dantzan, Musika plazan, goizean izandako aterrune gutxietako batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Zarautz
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Eguraldi iragarpenak ez zuen hutsik egin atzo, eta, espero bezala, euritan igaro zuten Euskal Jai eguna Zarautzen (Gipuzkoa). Hala ere, egun handia zapuzteko euriarekin nahikoa ez dela agerian utzi zuten goizean goizetik kaleak hartu zituzten milaka herritarrek. Umorearekin hartu zuten askok eguraldi zakarra. Ostarte txiki batetik eguzki izpi ahul bat sartzearekin batera, gizon baten ateraldiak ingurukoen barreak eragin zituen taberna baten kanpoaldean: «Hara, eguzkia orain! Egun bakarrean urtaro guztiak izango ditugu; ezingo gara kexatu».

Goizeko lehen orduetan, herriko erdigunean ez ezik, inguruko auzoetan ere nabari zen mugimendua. Gazteak kuadrillan bilduta ikus zitezkeen edozein kale izkinatan, festarako espresuki prestatutako orgei azken ukituak ematen. Janaria eta edaria zeramatzaten gehienek orgaren barruan. Edozein arkupe kanpamentu bihurtua zuten gazteek, eta, orgaren bueltan, janean eta edanean ari ziren, giro alaian. Lege Zaharren enparantzan euren lekua hartua zuten Roberto Chicok eta Iñaki Padillak. Kuadrillako orga zaintzen ari ziren, berriketan eta, tartean behin, txakolinari tragoa eginez. Kupel itxurako orga zuten, inguruan eserleku eta guzti, haurrak nekatzen zirenerako non eseri izan zezaten. «Duela zazpi edo zortzi urte egin zuen orga hau aitak, horrelako beste birekin batera. Egun guztian aurrera eta atzera ibiltzen dugu, gaualdera arte», azaldu zuen Chicok. Eguraldi petralak ez zien eguneko plana aldatu: «Hemendik Kirkilla jatetxe ingurura joango gara. Inguru horretan untxiak-eta jartzen dituzte haurrentzat. Ondoren, Musika plazara joango gara, eta han igaroko dugu arratsaldea».

Haiengandik metro gutxira, orgekin zebiltzanen eta tabernaz taberna poteoan hasiak zirenen elkargune bihurtu zen Barren plaza. Edariarentzat eta janariarentzat orga bana zuten Sara Laskibarrek eta bere kuadrillako kideek. Jai egunaren aurreko astean prestatu zituzten. «Lagunekin elkartu, jan eta edan; hori egingo dugu goizean. Bazkaldu eta gero, ikusiko dugu zer gertatzen den»,esan zuen Laskibarrek.

Alprojak, aterpean

Eguneko ekintza nagusietako bat, aurreko 39 urteetan bezala, Alproja antzerki taldearen ikuskizuna zen. Eguraldia zela eta, emanaldia Aritzbatalde pilotalekura lekualdatu zuten, eta 12:00etarako goraino beteta zegoen. Gazteak zein helduak, guztiak ari ziren harmailetan lekua aurkitu nahian. Kolore askoko ikuskizuna eskaini zuten Alprojakoek. 500 ilargi beteren ondoren, euskal iratxo jeinuen biltzarrarekin bat egin zuen Euskal Jai egunak, eta jendaurrean agertu ziren Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako iratxoak. Era berean, ikuskizunak hainbat gai jorratu zituen, umorez. Iratxoek hizpide izan zituzten, besteak beste, Azken Portu auzoko jai herrikoiei udalak jarritako trabak, maiatzaren 7an egin zuten herri galdeketa, eta egun herrian egiten ari diren hainbat obra. Horrekin batera, azken 40 urteetan Zarautzek izandako bilakaera ere aztertu zuten, bihurrikeriaz betetako ikuskizunean.

Bitartean, herriko erdiguneko kaleak geroz eta beteago zeuden. Trikitilariak Lege Zaharren enparantza alaitzen zebiltzan, eta aterrune laburrena ere aprobetxatzen zuten bertan bildutakoek dantzan egiteko. Umeekin zebiltzan Pirmin Elola eta lagunak, kalea zapaldu berritan. «Umeak parkean jolasean ibili bitartean, gurasook orgaren inguruan egoten gara berriketan. Buelta txiki bat eman ondoren, elkartera joaten gara bazkaltzera», azaldu zuen. Iluntze aldera San Pelaio auzora joateko asmoa zuten, bazkalostea apur bat luzatu ondoren. Eguraldiagatik ez zuen kexa handirik Elolak, aurrez jakina baitzen: «Hain txarra zen iragarpena, ezen aterrune laburrena ere sekulako eguraldia iruditzen baitzaigu».

Musika plaza ere ari zen, pixkanaka, betetzen. Dultzaineroek hartua zuten kioskoa, eta haien inguruan jendetza zebilen batera eta bestera. Mezetan izan ondoren, giroa ikusi, eta bazkaldu eta gero etxeratzeko asmotan zen Inaxia Untzain. Dantzatu ezinaren pena zuen Untzainek: «Adina dela eta, jada ez gara gauza».

Goizekoak eginda, bazkaltzea bihurtu zen askoren lehentasun. Beste asko, berriz, inguruko herrietatik iristen hasiak ziren, goizean ibilitakoen indar berarekin jaiari heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.