ATZEKOZ AURRERA

Kontuz, poetak libre!

Esther Ferrer artista gidari, Poesiaren Ibilbidea egin zuten atzo Donostian. Euskaraz, gazteleraz eta elfoen hizkuntzan aritu ziren poesiazaleak bizitzaren egiak aireratzen.

Esther Ferrer, atzo, Poesiaren Ibilbidean. Hark hautaturiko poemak irakurri zituzten ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Galtzerdiak zintzilik geratu direla. Hori da ihesaren irudia Firas Sulaiman poeta siriarrarentzat». Hala azaldu dio Elisa Rueda olerkariak Julia Otxoa poetari, Donostiako Easo plazako kioskoaren itzalpean. «Poesia arabiarra oso desberdina da, sufien eragin mistikoa duelako», erantzun dio Otxoak. Idazle eta poesiazale talde mardula elkartu da Esther Ferrer artistak antolaturiko Poesiaren Ibilbidea egiteko. Easo plazan, lau kilometro inguruko txangoa egiteko prestatzen ari dira. Hamabi geldialdi egingo dituzte hurrengo orduetan, Ferrerrek aukeratutako hiriko lekuetan, hark hautaturiko poemak irakurtzeko.

«Etxean ditudanen artean, 106 poesia liburu kontsultatu ditut poema zerrenda egiteko, eta, gero, liburutegikoak», esan du Ferrerrek. Emakumeek eta emakumeez idatzitako poemak nabarmendu dira lehen geldialditik.«Gizonak asmatutako maskara horien azpian/ aurkitu dut/ emakumea/ neu naizena». Elisabeth Khaxas namibiarraren Naizen emakumea poema da lehena. Begoña Sanchezek irakurri du. Eibartik (Gipuzkoa) etorri da ibilbidea egiteko. Badira Bilbotik ere etorritakoak, autobus batean.

Itxaro Bordak aipaturiko «estatistika klandestinoei» esker, entzuleek honako hau jakin dute: «Euskal Herrian/ ardi ahina polizia gehiago dago/ horregatik/ bakea/ segurtatua da./ Eta nik bakea ez dut maite». Haur bat kexatu egin zaio amari, ez duelako ulertu olerkia. Amak maitekiro azaldu dio Borda Zuberoakoa dela.

Mariano Ferrer kazetaria dago entzuleen artean, poesia maite duelako, ala arrebarengatik? «Biengatik», esan du barrez.«Familiak asko tiratzen du».

Poesia keinu hizkuntzan

Carolina Rementeria interpretea dago errezitatzaileen ondoan, haiek ahotsez esaten ari direna keinu hizkuntzan adierazten, aldi berean. Izan ere, gorrak daude entzuleen artean.

«Honek ez du zentzurik», esan du, bere lanaz, interpreteak. Keinu hizkuntzan poesiaren baliabide erretoriko eta estilistikorik ez dagoela argitu du. Poemen zentzua ematen ari da, baina forma ez. «Hau ez da poesia; beste izen bat asmatu beharko genioke».

Arroka frontoian jarraitu du taldeak. Imanol Portillok «hauts bai, baina maiteminezko» amaitzen den Quevedoren poema errezitatu du. Jendeak txaloka erantzun dio, ezin jakin, hautsari, poetari edo errezitatzaileari.

Talde handiak Urbieta kalea gurutzatu du. Espaloiz aldatu behar izan du junkie zahar batek. «Zer da istorio hau?», bota du haserre.

Ferrerrek Saguesera eraman nahi zuen ibilaldia, baina ezin zion jendeari eskatu bost orduz ibiltzeko. «Gainera, Sagues ez da neure haurtzaroko hura».

Janie van der Drische flandriarraren Nor dabil hizketan? irakurri du Araceli Bonok. Soinu olerkia da, zentzurik gabea. Keinu hizkuntzen interpretea geldirik egon da.

Entzuleek bidegorria okupatzen dute. Txirrindulari batek txirrina jo behar izan du pasatzeko. «Kontuz, poetak libre!», esan du poesiazaleetako batek barrez.

«Poesia irakurtzen dudalako nago hemen», adierazi du Luz Garciak. Harentzat, izar nagusia Antonio Machado da, «gero, beste guztiak datoz».

Tabakalerako sarreran dago taldea. J. R. R. Tolkienek elfoen hizkuntzan sorturiko Namarie poema irakurri du Pilar Medinak, sentimendu handiz. Jendeak txaloka hartu du. Enfasia non jarri berak asmatu ote duen galdetuta, «itzulpenari jarraituta» egin duela adierazi du. «Primeran pasatzen dut hau irakurtzen, nahasten banaiz ere inor ez delako konturatzen».

Harkaitz Canoren Gure bizitzako urterik onenak irakurri dute Egiako Maldatxo kalean, kalezulo ezin itsusiago batean. «Hemen nahi nuen egin, inork ez duelako poesiarik ekartzen hona», esan du Ferrer gidariak.

«Emakume sendo honek [Ferrer] erakarri nau ibilbide honetara», esan du Ixiar Arteagak. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) irakurle taldearekin etorri da bera. Jule Goikoetxearen Albait Zoriontsuena irakurri dute gero.

Pinudi plazan, paradoxa gertatu da: Julia Otxoaren poema irakurri behar duena dago, eta baita Otxoa bera. Poetak azken olerkia irakurri du, aitona Balbinori eskainitakoa. 1936an hil zuten faxistek, eta Urbasako leize batetik berriki atera dituzte haren gorpuzkiak. «Alferrik egin dituzte hirurogeita hamazazpi urte esperoan/ isiltasuna entzun dute beti haiek/ faszioak, Espainiako sotana zaharkituak/ ez du agintea egundo utzi».

Zurriolako erlojua da hurrengo geltokia. Gero, Konstituzio plaza eta kaia. «Poesiak mila deklinazio ditu, eta norberak nahi duen bezala interpretatzen ditu», esan du Ferrerrek. Ko Un korearraren Lore Galkorrak poema buru askotan geratu da: «Psikiatrikoa bikaina da/ Enperadorea naiz/ [...] Jainkoa naiz/ Miss Korea naiz/ [...] Pabiloi psikiatrikoa beste pabiloi baten alboko eraikina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.