ATZEKOZ AURRERA

Arau guztiak hauts daitezke

Dena posible dela erakutsi du Bilboko Kalealdiak. Grabitatearen legeari muzin eginda ibili dira batzuk; euskal dantza tradizionalak lizunkeriaz dantzatu dituzte beste batzuek.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Posible da zeruaren eta lurraren artean airearekin jolasean aritzea; grabitatearen legeari muzin egin, eta espaziorako bidean eskailerarik gabe igotzea edo saguzarrak bezala buruz behera egotea. Posible da Bilboko porlanezko kaleetan, aldian-aldian, begiak itxi gabe ametsezko munduetan sartzea; hiriak berezkoa duen presako ordularia desagertu, eta denbora ahanzturan galtzen den tartea aurkitzea. Posible da arau kultural guztiak hautsi, eta tradizionala abangoardia bihurtzea; euskal dantza tradizionalen garbitasuna lizunkeriaz bustitzea. Dena posible dela erakutsi dute dozenaka artistak Bilboko Kalealdiko emankizunetan; arauak hauts daitezkeela eta ezinak egin daitezkeela.

Asteartean hasi zen XV. Kalealdiaren azken egunean, atzo, ehunka lagun murgildu ziren ezohiko dantza, antzerki eta ekilibristen munduan. Emankizunen berri izanda emanaldiez gozatzera espresuki joandakoak asko, pasieran zihoazela kultur ikuskizunek ezustean harrapatutakoak besteak. Esker oneko agertu ziren, edozein kasutan, ikus-entzuleak, txalo zaparrada luzeak eginda.

Pirinioetako Zirkuaren Galak animaliarik gabeko zirku berezia eskaini zuen Areatzako kaian; Euskal Herriko, Kataluniako zein Frantziako artistek elkarlanean egindako proiektuan bildu diren hainbat motatako ekilibristek. Masta txinatarrean trebatutako Amanda Righettik burdinazko barra bertikala bestelako laguntzarik gabe igo zuen behin eta berriz, Els emankizunean. Bere gorputza imanez egina izango balitz bezala, ia etzanda ere egon zen makila luzean babestuta.

Sokan gora igo zen Nacho Ricci, AquĆ­, ahora izena eman dion ikuskizunean; tximino baten antzera ibili zen batzuetan, sokan korapilatutako armiarmak bezala besteetan. Les Capgirades taldeko bikoteak, grabitatearen lege guztiak hautsi zituen trapezioaren inguruan, ikus-entzuleen harrigarri. Crim contra Rellotge izeneko emanaldian, oin puntekin soilik lotuta ere, buruz behera egoteko gai direla erakutsi zuten. Hotel Iocandi taldeko bikoteak, berriz, burdinazko hesi bat lagun hartuta egin zuen jolas antzeztua elkarrekin.

Kukairen probokazioak

Plaza Berrian, probokatzeko hautsi zituen arauak Kukai Dantza taldeak. Euskal dantzen pausoak kriskitinak jota lausotu zituzten. Zuzentasuna baldartu eta zakartu zuten. Desio begiradekin dantzatu zuten jota bi mutilek, eta laztantzeraino gerturatu ziren elkarrengana. Mutil bizardunak gona gorria astindu zuen, eta mutil prakadunak keinu lizunak ere eskaini zituen.

Arriaga Antzokiaren albo batean Hortzmuga taldea ari zen, bien bitartean, Nola ikuskizuna eskaintzen, hogei pertsonarentzat prestatutako emankizunean. Bi orduko emankizun kasik intimoan estreinatu zuen lana Euskal Herriko konpainiak.

Gogoetarako sua

Eguneko beste ekitaldi nagusia gauerdiarekin bat iritsi zen, Arriaga Plazara. La Salamandre Frantziako taldearen Essat proiektuak sutan busti zuen plaza. Etiopiako hizkuntzan sua adierazten du essat-ek, eta izenburuarekin egindako lanak kultur globalizazioari buruzko gogoeta zabaldu zuen Arriaga aurrean bildu ziren ehunka eta ehunka ikus-entzuleren aurrean, musikaren, dantzaren eta suaren indarra baliatuta.

Euskal Herriko zein atzerriko 31 konpainiek 59 ikuskizun egin ondoren, suan oinarritutako ikuskizun horrek amaitu du, gaur goizaldean, denetariko emankizunak izan dituen Kalealdia. Asteartean, yo-yo jokoan maisu den Naoto Okada japoniarrak hasi zuen kaleko ikuskizun sorta, eta arrakastatsuak izan dira emankizunik gehienak, Kalealdia egonkortu den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.