ATZEKOZ AURRERA

Erromantikoek erakarritakoak

Milaka musikazale elkartu dira Euskaldunan, 15. Musika-Musica jaialdian. Mendelsshon, Schubert, Wagner eta Strauss sortzaile erromantikoen obrak entzun dituzte.

EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak eman zion hasiera atzoko egunari auditorium nagusian. L. J. / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Musikariak lehen notak jotzen ari dira, tresnak berotzen. Agertokiaren ezkerreko aldetik sartu da Yaron Traub orkestra zuzendari israeldarra. Txaloka hartu dute Bilboko Euskalduna jauregiko auditorium nagusiko entzuleek. Eta jesarlekuetako argiak itzaltzearekin batera, hasi da kontzertua. Bi pieza joko dituzte, biakRichard Straussenak: Don Juan poema sinfonikoa eta Der Rosenkavalie suita. Musika-Musica jaialdiaren hamabosgarren ekitaldiak eskaini dituen kontzertuetako bat da. «BOSen [Bilboko Orkestra Sinfonikoa] emanaldietako bat entzun nahi genuen, eta ordutegiagatik aukeratu dugu hau. Gainera, Strauss atsegin dugu», zioen Maite Pera gasteiztarrak aretora sartu aurretik.

Orkestra, ganbara talde eta bakarlarien artean, 700 musikari eta abeslari baino gehiago bildu dira, etzi hasi eta gaur arte. Emanaldiak, ehundik gora. Entzuleak, milaka: kontzertu nagusien sarrerak aspaldi bukatu ziren. XIX. eta XX. mendeen arteko Erromantizismoari eskaini diote aurtengoa. Straussen lanekin batera, Franz Schubertenak, Felix Mandelssohnenak eta Richard Wagnerrenak entzuten ari dira Euskaldunan egunotan. Wagner du gustukoen Jose Enrique Larroque getxoztarrak. Egunero zer entzungo duten ondo apuntatuta zuten emazteak eta biek: «Gaur,bost kontzertutara joango gara, eta bihar beste seitara. Ez dugu denborarik alferrik galduko». Aurtengo gaia gustatu zaie. Erromantizismoa garairik oparoenetakoa iruditzen zaie biei. «Sasoi liluragarria izan zen. Musika arloan sortzaile itzelak egon ziren».

Emanaldiek 45 eta 50 minutu arteko iraupena dute. Bat bukatzerako azkar-azkar joaten dira musikazaleak aukeratu duten hurrengoa eskainiko den aretora. Ander Marzana 16 urteko bilbotarrak Mikel Ituarte piano jotzailearen emanaldiarekin hasi zuen atzoko eguna. «Oso teknika ona du, eta, gainera, Musikeneko irakaslea da. Ni piano ikasketak egiten ari naiz, eta gero hara joan nahi dut goi mailako ikasketak egitera. Agian, zorte apur batekin, nire irakaslea izango da». Marzanak musika klasikoa entzuten du egun osoan: hori du bere estiloa. Gogokoen inpresionismoa duen arren, Erromantizismoa ere atsegin du. Baina ez da musika sortzaile zehatzen zalea: «Garrantzitsuena joko diren piezak dira. Horrek egiten du kontzertua erakargarri».

Javier Fernandez bilbotarra fitxa biltzen ari zen. Kontzertuak eskainiko dituzten talde eta bakarlari guztien biografia ipini dute apalategi batean, eta horiekhartu eta egitarauaren liburuxkan gorde ditzakete entzuleek. «Aurki, Jorge Monte de Fez tronpa jotzaileak Asturiasko Orkestra Sinfonikoarekin joko duen kontzertura joango naiz. Rossen Milanov izango dute zuzendari. Haien berri jakin nahi dut, gustatzen zait aurretik zer entzungo dudan ezagutzea». Emaztea ere han nonbait duela zioen. «Elkarrekin sartzen gara, baina bakoitzak bere agenda dugu. Gero irteterakoan komentatzen ditugu bakoitzak entzun dituen emanaldiak». Euskaldunatik kanpo ere,hiri osora zabaldu da Erromantizismoaren noten oihartzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.