ATZEKOZ AURRERA

Bideo joko bat sortzea zer den

Mundu osoan ari dira asteburu honetan 'Global Game Jam' izeneko topaketak antolatzen: bideo joko bat sortu behar dute 48 orduan. Bilbon berrogei parte hartzaile batu dira.

Global Game Jam nazioarteko ekitaldiko partaideak, Bilbon, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Larunbateko 12:00ak, Bilboko Azkuna zentroko Bastida aretoa. Berrogei lagun inguru bi mahaitan eserita daude, bakoitza buru-belarri bere ordenagailuan lanean. Baten bat ondokoarekin ahopean hizketan ari da, baina apenas entzuten zaion ezer. Aretoa ilun samar dago, eta, ziurrenik, hori lagungarri izango da gelaren muturrean koltxoneta batean lotan dagoen gaztearentzat. Izan ere, ia 24 ordu daramatzate bertan daudenetako askok, Azkuna zentroan, bi egunean bideo joko berri bat sortzeko lanetan, bakarka zein taldeka. Global Game Jam izeneko nazioarteko bideo-joko ekitaldian daude; mundu osoan ehunka hiritan ari dira aldi berean gauza bera egiten. Iruñea da adibiderik hurbilena. Bideo joko berri bat eratu behar dute bi egunean, edo ahalegina egin, behintzat.

Baina ezin dute edozein bideo joko mota sortu. «Ekitaldia hasi baino egun bat lehenago, antolakuntza orokorrak tokiko antolatzaileei iragartzen digu zein den bideo jokoak sortzeko abiapuntua», azaldu du Alexandra Samper Bilboko Global Game Jameko komisarioak. Hortaz, mundu osoan barreiatuta dauden egoitzetako partaide gehienek ostiralean jakin zuten uhinak dela bideo jokoaren prototipoa sortzen hasteko ideia. «48 orduan bideo joko bat eratzea oso zaila da, baina helburua ez da amaierako proiektua: jende berria ezagutzea da, taldean lan egitea», adierazi du Samperrek.

Atseden hartzerik ez

Bakarrik zein taldeka dago Global Game Jamen parte hartzeko aukera. Lehen egunean, parte hartzaile guztiek aukera izan zuten leku bereko partaideekin hitz egin eta taldean lan egitea proposatzeko. Samperren hitzetan, giroa «kooperatiboa» da erabat. «48 orduko elkarbizitza da. Ideia da profil desberdinak dituzten pertsonak elkartzea, eta batak besteari laguntzea, baita esperientziadunek hasiberriei ere». Izan ere, askotariko pertsonak batu dira Azkuna zentroan: diseinatzaileak, programatzaileak, garatzaileak, 3Dko modelatzaileak... Eskuragarri zeuden berrogei tokiak ekitaldia hasi baino pare bat aste lehenago bukatu ziren.

Gune bat atondu diete 48 ordu horietan aretoan bertan lo egin dezaten, baina parte hartzaileek ez dute gehiegi aprobetxatzen. «Nik bart lo apur bat egin nuen, baina jada ez dut gehiagorik egingo bihar arte», azaldu du Alejandro Ruiz bilbotarrak. Lehen urtea du Global Game Jamen, eta ikasten ari den animazio graduko lagunek aholkatuta eman zuen izena. Uhinen gaiarekin «pozik» dago. «Hasieran, apur bat harrituta geratu gara, ez zitzaigulako ezer bururatzen, baina gaia oso zabala da. Argiaren uhinetan pentsatu dugu, eta horrek jokatzeko moduari eragitea nahi dugu». Jakin duenez, beste talde batzuek irratiaren edo telebistaren uhinetatik abiatu dute ideia.

Alba Rodriguez da ordenagailuaren aurrean dagoen neska bakarrenetariko bat. «Ozta-ozta lortu nuen izena ematea. Zazpi gaude taldean, eta modelaketa eta animazio lanekin nabil ni». 3D animazioa ikasten du Erandion (Bizkaia), eta aurretik ezagutzen zituen lagunekin ari da parte hartzen.

Adituen aholkuak

Gaiarekin konforme dago Rodriguez ere, aurreko urteetako gaiak ikusita zerbait «zalantzazkoagoa» espero baitzuen. Halere, ez dago amaierako emaitzarekin kezkatuta. «Proiektu on bat egitea baino garrantzitsuagoa da jende berria ezagutu eta besteengandik gauza berriak ikastea», azaldu du. Gaur, topaketak bukatzen direnean, ez da irabazle jakinik izango, baina hiru talde bikainenek ziurtagiri bat lortuko dute. Gainera, talde bakoitzak bost minutuz bere lana aurkeztu ondoren, aditu talde batek aholkuak emango dizkie, zertan hobetu dezaketen jakin dezaten.

Parte hartzaile bakoitzak bere ordenagailua eta tresneria eraman behar izan du, eta, 48 orduak bertan pasatzeko asmoa izanez gero, jateko zerbait ere bai. Baina ez gehiegi, ekitaldiko babesleek zenbait gauza eraman dizkietelako egunotan: ura, jogurtak, pizzak, freskagarriak... «Atzo gauean, Red Bullak banatu genituen, eta berehala desagertu ziren, noski», azaldu du, barre artean, Samperrek. Mikel Vazquez bilbotarrak hirugarren urtea du jada, eta «lasaiago» hartu du horregatik. Bi lagunekin elkartu da lana egiteko. «Aurreko urteetan ordu piloa sartu nuen, eta, azkenean, oso nekatuta bukatu nuen. Ni etxera joan naiz lotara, baina jendea jo eta fuego dabil hemen», adierazi du.

Nahikoa lo egin ala ez, Samperrek uste du esperientzia polita dela: «Sortzera etortzen gara hona; ez daukagu merkatuaren presiorik, ez diruaren inguruko buruhausterik. Adituak ez direnek ere ikasiko dute zer-nolako lana den bideo joko bat sortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.