ATZEKOZ AURRERA

Xingarraren aitzakiapean

Baionako 556. Xingar Feria iragaten ari da ostegunetik: azken urteetako arrakasta emendatuz doa, eta 200.000 pertsona espero zituzten aurten. Gaur bukatuko da ospakizuna.
Txerrikia, ahatea eta gasna dastatu ahal izan dira xingarraren azokan, besteak beste.
Txerrikia, ahatea eta gasna dastatu ahal izan dira xingarraren azokan, besteak beste. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eneko Etxegarai Urain -

2018ko apirilak 1
Baionako Xingar Feria 1.463. urtetik ospatzen da, hots, milurteko erdi bat Ipar Euskal Herriko eta urrunagoko xingar ekoizleak Lapurdiko hiriburuan batzen direla. Azken bost urteetan emendatze handi bat ezagutu du feriak, eta aurten 200.000 pertsona espero zituzten. Ostegun goizean aukeratu zuten xingarrik onena, eta 33 parte hartzaileen artean Lekorneko (Lapurdi) Jean-Pierre Idiederrek eraman zuen saria. «Denak kalitatezkoak dira, baina honek hur usain partikular bat zuen: bi urteko lehortzea kalitatez egin da», azaldu du epaimahaiak.

Eguraldi txarragatik atzoko egunaren irekidura eguerdira pusatu behar izan bazuten ere, jende kopuruaren aurreikuspenak beteko dira. Merkatu estali inguruko erakusmahaiek jende andana bat erakarri dute atzo eguerdirako. Euria tarteko, txerrikia, ahatekia, gasna... dastatzen ahal ziren. «Ez da xingar feria delako zerria bakarrik egin behar dela: gu Landetakoak gara, eta gure ahateak ezagutaraztera etorri gara», zioen, poz-pozik, Sylvie Delanoy ahate ekoizleak.

Egia ere bada xingar feriak jendea, batzeaz gain, banatu ere egiten duela. Batez ere, azken urteetako arrakastak aldeko eta kontrako iritziak piztu ditu baionarren artean ere. Baionako bigarren festak ezizena ere hartu dute xingar feriaren egunek. «Duela lauzpabost urte askoz ere familiartekoagoa zen: ardo botila bat hartzen ahal zenuen lasai, xingar plater batekin; gaur egungoa harrigarria da, gehiegizkoa, niretzat», azaldu du Laurent Bortaire baionarrak. Haren erranetan, festetako fenomeno bera gertatzen ari zaio feriari: «Gero jende gehiegi dela errango du herriko etxeak, baina haiek nahi izan dute: orain hemen dagoela zer egin duzu? Bada, behar den baldintzetan errezibitu». Iritzi kontrakoa du Maialen Dufaud gazteak: «Nik biziki ongi pasatzen dut: ezagun anitz bada, elkartzeko aukera ona ematen dio hemengo jendeari». Haren iritziz, gauza ona da kanpoko jendea ere bertaratzea: «Frantzia osotik heldu dira bisitariak, eta jende ezberdin anitz bada».

Polemika ere piztu zuen aste hasieran Errobi ur bazterreko eraikinetan herriko etxeak jarritako apainketak. Zerriaren inguruko esaldi umoretsuak izan nahi zutenen artean, «Baionan odolkiak ere ederrak dira», zioen batek: hots, «Baionan neska itsusiak ere politak dira», zioen kartelak. Martine Bisauta Baionako eta elkargoko hautetsiak «etsigarria» dela azaldu du: «Nola da posible zerbitzu ezberdinen artetik pasatzea, eta inork ez erratea beharbada ez dela egokia?». Azaldu duenez, alkateari abisatu zion berehala: «Jadanik bazekien, eta berehala kentzeko eskatua zien zerbitzu teknikoei».

Alde ekonomikoa

Ostegunetik igandera arte egiten dute feria, eta ostalarientzako berebiziko garrantzia hartzen joan da azken urteetan. Hala nola batzuek festetan bezainbeste etekin ere egiten dutelako: jatetxeek, batez ere. Jean Batiste Haget Salud ostatuko sukaldaria goizeko zortzietatik ari da lanean, pintxoak eta beste prestatzen: «Leku guzietatik heldu da jendea: egia da Ipar Euskal Herriko jende anitz badela, baita Landetatik eta Frantziatik ere etortzen da jendea». Dioenez, nahiz eta xingarraren feria izan, funtsean dagoena festa da: «Jan eta edan nahi du jendeak: feria egiten da, baina festa da, batez ere; diru asko mugitzen da hirian».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna