ATZEKOZ AURRERA

Santuaren magalean

Giro hotzari beldurrik izan gabe, milaka herritar bildu dira urtero bezala Armentiako zelaietara, Arabako zaindari San Prudentzioren omenezko egun handian.

Pilar Garcia de Salazar Arabako diputatu nagusiordea aurreskua dantzatzen, Armentiako baselizan. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Itsusi egin die harrera egunak pertsiana goiz zabaldu duten arabarrei. Giroa, hotz. Zerua, beltz. Lurzorua, heze. Gutxienez, ateri da. Iragarpenak dioenez, egunaren joanean euria botako du. Beldur hori izan da aitzakia nahikoa askorentzat goiz hartzeko Armentiarako bidea, aterkia besapean, badaezpada, San Prudentzio egunean tradizioak agintzen duenari jarraituz.

Arabako zaindariaren ospakizuna ostiralean hasi zen. Gaueko erretretak eta danborradak goizaldeko ordu txikiak arte iraun zien batzuei. Baina, goizeko bederatzietan, ez dago bezperako parrandaren arrastorik Probintzia plazan, egunari hasiera ofiziala emango dion ekitaldia hastear dagoela. Ehun bat lagun bildu dira foru aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileak entzutera. Araba izeneko zortziko laburra jo dute musikariek, festara deitzeko, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren begiradapean. Ondoren, mokadu xumea eman die instituzioak bertaratutakoei, egunerako indarrak hartzeko.

Tradizioak agintzen du dianak eginda Armentiako zelaietara mugitu behar dela festa. Kostatu zaie arabarrei logalea gainditzea, baina agintarien prozesioa hasi denerako, San Prudentzioren estatua lore sorta ugarik apainduta ageri da. Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak darama herrialdeko bandera. Haren atzean, hainbat administraziotako agintariek estatuaren eta baselizaren arteko bidea egin dute. Harrera egin die San Prudentzioren irudiak baselizaren kanpoaldean. Irudia buru, buelta eman diote eraikinari, elizkizunera sartu baino lehen.

Meza amaituta, ohorezko aurreskuari ekin diote. Bi dantzari ofizialei hirugarren bat gehitu zaie aurten: Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordea. Duela pare bat urte egindakoa berriz gauzatu du Garcia de Salazarrek, lankideen txalo artean. Aurreskuak ikusle ugariren arreta piztu du. Haien artean, AHTaren aurkako afixak haizatu dituzte hainbat herritarrek.

Eguraldiari «bikaina» deritzo ahaldun nagusiak. «Oso ona orturako», erantzun dio ikusle batek, diputatua kazetariekin hitz egiten ari zela. Eguzki izpiren baten esperantzan, Armentiara biltzen joan dira gasteiztarrak. Eguerdirako jende andana ibili da bideak betetzen zituzten postuetara begira, zelaietan etzanda egon baino gehiago. Garesti dabiltza perretxikoak aurten —bertakoak 75 euro edo gehiagoan saldu dira azoka plazan—, baina batzuk animatu dira zorroa zabaltzera.

Hotzari gailendu zaio erromeria, apurka, baina San Prudentzioko baselizatik urrunago ere izan da zer egin. Artium museoan, esaterako, Arabako urrezko domina jaso dute Iñaki Dorronsorok, Euskal Ikaskuntzako presidenteak, eta Euskaltzaindiako buru Andres Urrutiak.

Festa erlijiosoa izanagatik, Gasteizko mugimendu herrikoiak ere badu zer ospatu San Prudentzio egunean. Orain dela 30 urte, gazte batzuk Gotzaindegiko kotxe-tokiaren ateari ostikada jo eta gaztetxea sortu zuten. Egun osoko festa batekin ospatu dute. Santuak denentzat du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.