ATZEKOZ AURRERA

«'Xukran', eskerrik asko»

Al Indimay elkarteak gonbidatuta, ehunka lagun bildu dira Gasteizko Auzolana pilotalekuan, 'iftar'-aren testuinguruan esperientziak elkarrekin eraikitzeko.

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Lehen aldia duzu, edo aurretik egona zara?». Sarri entzun zen galdera hori Gasteizko Alde Zaharreko Auzolana pilotalekuan, ostiral iluntzean. Edozein bide zen aproposa mahaikide ezezagunekin solasaldiari bide emateko. Iftar-a partekatzea zuten helburu: ramadanean baraualdia eteten duen otordua. Ospakizunerako aukeratutako leloa, argia: Bizipenak partekatuz, estereotipoak apurtu.

Al Indimay elkarteak egin zuen deialdia, Gasteizko komunitate musulmanaren lankidetzarekin, haientzat garrantzitsua den une hori ezagutzeko aukera emateko. Gasteiztar guztiei zabaldu zieten deia, sektore batzuei bereziki. «Errefuxiatuak gonbidatu ditugu, baita adingabe zentroetako gazteak ere, lagun edo familia sare urriagoak izan baititzakete», azaldu zuen Malika Zannuti Al Indimayko kideak. Berrehun gonbidatu zituzten buruan, baina gehiago izan ziren, Sabah El Khobri elkarteko kidearen iritziz. «Gonbidapenak, eta 20 antolatzaile... Atean geratu direnak ere ezin genituen hor utzi, eta sartu dira: 300 bat izango gara!».

Inguru eklektikoa

Frontisean Bienvenidos irakur zitekeen. Ezker paretaren erdian, pasa eta falta marren artean, Iftar 2018, puxikekin idatzita, Auzolana pilotalekua izenetik gertu, eta, testuinguru horretan, ehunka lagun bizipen komunak eraikitzen: mahaietan, harmailetan... Al Indimayko kideek esker oneko harrera eginda gazteleraz eta euskaraz, eta, otoitzaren ostean, hasi zen plateren mugimendua, baita horien gaineko hausnarketak ere. «Zopa hau marokoar erara egin dute; Aljerian beste modu batean egiten dugu»; «Nola egiten dira pasta horiek?».

Paloma, Xiomara eta Sara elkarrizketa bizian murgildu ziren hasieratik. «Sara, zer esan nahi du Eid Mubara-k? Aitak idatzi dit, hemen nengoela esan diodanean», galdetu zuen Palomak. «Agur moduko bat da, esker ona adierazteko; ramadan amaieran esaten da», erantzun zion Sarak. «Ze jatorra den nire aita». Sakelako telefonoek presentzia handia izan zuten, une oro: jendetzaren irudiak jasotzeko, urrun zeudenekin komunikatzeko... «Genevan, Suitzan dagoen lagun aljeriar bati kontatu diot hemen gaudela, eta erantzun dit ondo pasatzeko», azaldu zun Lorenak, beste mahaikide batek.

23:30ak aldera, Al Indimayko kideek abestuz amaitu zuten gaua, baita txalo zaparrada bat jasoz ere: abestiengatik, egindako lanagatik, eta ahalbidetutako topaketagatik. Jendearen agurretan hori sumatzen zen: «Xukran, eskerrik asko, gracias...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.