ATZEKOZ AURRERA

Besarkadarik beroena

Sortzen elkarteak ekitaldia antolatu du Tafallan, Nafarroa osoan D ereduan izena emateko aukera ospatzeko. Lodosa, Tafalla eta Caparrosoko familiei eskerrak eman dizkie.

Basajaun, Tafallako ekitaldira bildutako guraso eta haurrei besarkada bat ematen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Tafalla
2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Euskararen alde egiteagatik, hizkuntza unibertsalean eman dizkie eskerrak euskalgintzak Tafallan, Lodosan eta Caparroson (Nafarroa) ikastetxe publikoan D eredua aukeratu dutenei. Hau da, besarkada bat emanez. Izan ere, gauza anitz esan liteke deus ere esan gabe, besarkada baten beroarekin. Atzo emandakoak hiru mezu zituen gorderik: zorionak, esker mila eta hemen gaude.

Hasiera guziak zailak izaten baitira, eta aldaketek beldurra ere eragin ahal dutelako. Horregatik, Sortzen elkarteak eta Tafallan bildutako euskaltzaleek babes mezua ere eman nahi izan zieten haurrei eta gurasoei: «Familia horien adorea handia izan da, tren ezezagunean igotzeko adorea izan dute. Apustu horri babesa eman nahi genion, zorionak eman, eta zera esan: 'Ez zaudete bakarrik'». Hala azaldu zuen Sergio Iribarrenek, Sortzen-eko Nafarroako koordinatzaileak.

Eguerdian irudikatu zuten besarkada handi hori. Aurretik, txokolatea banatu zieten haurrei, jostatzeko aukera izan zuten, baita aurpegia margotzekoa ere. 12:30 pasatxo zirela txalaparta doinuek dei egin zieten Nafarroako plazan zirenei, bil zitezen. Puxikekin eta euskaraz bizitzeko nahia adierazten zuen oihalarekin dotore zen kioskoa, eta udaletxeko balkoiak ere besarkada bat eman nahi izan zion euskarari: Tafallan euskararen alde zioen pankarta instituzional batek.

DJ Jotatxo arduratu zen musikarekin giroa berotzeaz, eta Zuriñe Hidalgok gidatu zuen ekitaldia. Lehenbiziko lerroan ziren Lodosan, Tafallan eta Caparroson eskola publikoan D ereduan ikasiko duten haurrak eta haien gurasoak. Atzean zituzten legeak eremu ez-euskalduntzat dituen gainerako herrietan D eredua eskatu duten haurrak eta gurasoak. Lezaun, Abartzuza eta Zudairikoak ere han ziren. Iaz D eredua martxan jarri zen hiru herri horietako eskoletan, urteetako borroken ondoren.

Besarkada osatzeko, han ziren Tafallako eta Caparrosoko eskoletako zuzendariak, Pablo Azkona Lodosako alkatea, Begoña Bitorika Sortzeneko koordinatzaile orokorra, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Aitor EtxarteNafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria eta Estebe Petrizan Nafarroako Hezkuntza Saileko zuzendari orokorra. AEK, IKA, Topagunea, LAB, ELA, Steilas, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra ere han izan ziren, D eredu berriei ongietorria egiteko.

Egun garrantzitsua zen, eta han zirenen aurpegietan igar zitekeen hori. Irriak ikus zitezkeen nonahi. Haietako bat Bresu Ezeolazarena zen, Tafallako eskolan irakasle aritutakoa. Orain erretiraturik dago. «Kaiolatxoetan sarturik izan gaituzte, baina dagoeneko apurtu dugu bat. Azkenean, lortu dugu euskarazko hezkuntza», esan zion hunkiturik Javier Ibañezi, eskolako zuzendariari.

Ibañez ere kontent zegoen. «Eskola publikoa gara, gizarteari irekia, eta, beraz, gizartean den orok tokia du gurean. Euskarak ere bai, noski». Haren ustez, zenbakiek D eredua eskaintzeko aukera ematen zutela baieztatu zutenean hasi zen besta. «Pitzadura bat ireki dugu. Ongietorria egin diegu haur eta guraso berri guziei, baina, bereziki, D eredukoei, adoretsuak izateagatik». Olatu geldiezina da euskararena. Dagoeneko Whatsapp taldea sortu dute, 2017an D eredua hautatu nahi duten gurasoek.

Beldurrak uxatzeko garaia

Alicia Aramendia lehenbiziko lerroan jarri zen atzo. Besarkada jasotzeko, eta, bidenabar, besteei emateko ere bai. Haurra Lodosako D eredu publikoan matrikulatu du. Ama zendua izan du gogoan, hark ere nahiko lukeelako berak euskaraz ikasteko aukera izatea: «Nahi dut nik ikasterik izan ez nuen hizkuntza jakitea nire semeak », zioen hunkiturik.

Ilusio handia zuela azaldu zuen, baina ezjakintasuna eta zalantza anitz ere bazituela onartu zuen. Dena den, azaldu zuen babes handia eman dietela: Sortzen elkarteak, zuzendaritzak eta Lodosako Udalak ere. Ezjakintasun hori, baina, ez da berria Nafarroan. Iribarrenek gogorarazi du duela 40 urte antzeko egoeran izan zirela Iruñerrian, eta orduan ere aurrera egin zuen D ereduak, gizartean erabat erroturiko aukera izan arte.

«Ziur gaude aurten 77 familia izan badira, heldu den urtean bikoitza izanen dela, beldur hori gaindituko delako». Orain arte diskriminaturiko eremuan, igoera progresiboa ez, esponentziala izanen delakoan dago. «Lana ongi eginez gero, D ereduak Iruñerriko neurria izanen du, edo gehiago. Garesen, adibidez, handiagoa da euskarazko ereduan dauden ikasle kopurua».

Eskerrak emateko eguna ere izan zen atzo, eta, euskalgintzari eta gurasoei ez ezik, eremu horietan lanean aritutako ikastolei egindako lana eskertu zieten. «Haien lana goraipatzen dugu, eta uste dugu orain elkarlanerako aukera izanen dela hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.