ATZEKOZ AURRERA

Euskararekiko eta arbasoekiko zorrak kitatuz

Hiru egunez ospatu dute Euskararen Eguna Montevideon. Aurten, Ameriketan euskarari eta euskal kulturari buruzko liburuek izandako presentzia izan dute hizpide nagusi.

Argitaletxeetako kideak liburuak erakusten Montevideon. ADRIANA PATRON.
ainara arratibel gascon
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, ostegunean izan zen, baina Euskal Herritik milaka kilometrotara, Uruguain, beste hiru egunez luzatu dituzte ospakizunak. Hala, atzo iluntzera arte, gaur goizaldea Euskal Herrian, hainbat ekitaldi egin zituzten. Hirurogeita hamar urte dira Montevideoko euskal komunitatea Euskararen Eguna ospatzen hasi zela, eta euskararen arrastoa belaunaldiak lotuz joan da, gaur arte. Aurten, Ameriketan euskarari eta euskal kulturari buruzko liburuak zabaltzeko erbesteratuek egin zuten ahalegina ekarri dute gogora. Ahalegin hura egin zuten arbasoekin eta euskararekin zegoen zorra kitatu nahi izan dute. Izan ere, liburu horietako batzuk euskaraz ziren.

Horretarako, besteak beste, Ameriketan euskal kulturari eta euskarari buruz liburuak argitaratzen dituzten lau argitaletxe garrantzitsuetako ordezkariak bildu dituzte Montevideon: Uruguaiko Euskal Erria, Argentinako Ekin eta Lauburu, eta Ameriketako Estatu Batuetako Basque For Studies Press.

Montevideoko Euskal Etxeak antolatu ditu Euskararen Egunari lotutako ekitaldiak. Ostegunean hasi zituzten ospakizunak, euskarazko eskolak hartzen dituzten ikasleen ikasturte amaierako festarekin. Han uda da, eta orain amaitzen da ikasturtea: «Euskal Herriko tradizio berriei jarraituz, pintxo pote batekin amaitu genuen. Euskara ez ezik, euskal kulturari lotutako gauzak ere ikasten dituzte eskoletan. Gainera, sukaldaritza eskolak ere ematen ditugu euskaraz», azaldu du Euskal Etxeko buru Agurtzane Aguadok. Ondoren, eskolak ematen dituzten ikasgelan plaka bat jarri zuten. Hala, ikasgelak Euskaldunberri du izena ostegunetik. Gainera, Lauburu argitaletxeko Cesar Arrondok hitzaldia eman zuen, eta liburu bat aurkeztu Argentinako Gandara eskualdean euskaldunek izandako presentziari buruz.

Aitona-amonak Getxokoak (Bizkaia) zituen Aguadok, eta berak bizkaieraz egiten du. Hunkituta mintzo da:«Niretzat, euskara dena da, gure identitatearen ezaugarri nagusia. Aberri Egunarekin batera, urteko egunik bereziena da Euskararen Eguna». Pozik dago, aurten hiru talde aritu direlako euskara ikasten: «Politena da ez direla soilik jatorri euskalduna duten ikasleak etortzen. Armeniako ikasle bat ere izan dugu, baita Brasilgo apaiz anglikano bat ere. Gehienek 30 urte inguru dituzte». Haien ahalegina, ilusioa eta konpromisoa ikusita, oharra egin die Euskal Herrian bizi diren euskaldunei: «Gure eredu izan behar dute. Izan ere, han euskarazhitz egiteko askoz aukera gehiago dago. Euskarak bizitzako gauza guztietarako balio behar du».

Alberto Irigoien Uruguaikoa da, baina aitona-amonak Bilbokoak eta Donibane Garazikoak zituen. Ez daki euskaraz: «Oso gaizki moldatzen naiz hizkuntzekin». Baina berezia da harentzat ere euskara. Egun, Euskal Erria argitaletxeko arduraduneko bat da. Irigoienek hitzaldia eman zuen ostiralean, euskal liburuak eta euskarak Uruguain izandako presentziaz.«Hego Ameriketan euskara eta euskal kultura sustatzeko lehen ahaleginek huts egin zuten, eta horrek zapore gazi-gozoa utzi zuen. 1940an, ordea, erbesteratu asko iritsi ziren hona, eta, hala, Euskal Liburuaren Kluba eta Euskaltzaleak taldea sortu zituzten. Sortzaileetako askok ez zekiten euskaraz, tartean nire aitonak. Baina garbi zuten euskara sustatzeko beharra. Bi erakundeek konpromisoa hartu zuten euskarari buruzko argitalpenak sustatzeko eta berreskuratzeko».

Unibertsitatean ere

Haien ahaleginak fruitua eman zuen: «Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean liburutegi bat sortu zuten material horrekin. Aitzindaria izan zen. Liburuek garrantzi handia izan dute, Ameriketan ez galtzeko euskararen eta euskal kulturaren arrastoa».

Lehen, aldizkariak argitaratzen zituen Euskal Erriak, baina, egun,liburuak argitaratzen ditu. «Helburua da gure arbasoek hasitako lanarekin jarraitzea. Argitaletxeak oso liburutegi sendo bat dauka. Gure bazkide askok, hiltzean, guretzat uzten dituzte liburuak. Errepublikako liburutegiko materiala ere berreskuratzen saiatu gara, baina, dirudienez, galdu egin da, eraikinaren zati bat eraitsi ostean. Konpromisoa dugu urtero euskarazko liburu bat sortzeko eta itzultzeko». Ostiralean, Irigoienez gain, Maria Elena Etxeberri mintzatu zen Ekin argitaletxeaz, eta Xabier Irujo historialaria Hego Amerikan euskal liburuak izandako presentziaz solastatu zen.

Ospakizunak atzo amaitu zituzten, Montevideoko Gernika Plazan. Hantxe eman zuen hitzaldia Irujok, Gernikako bonbardaketaz. Hain zuzen ere, plazaren inaugurazioan hitz egin zuen Irujoren aitonak, Bingen Ametzaga Irujo euskaltzaleak. Ametzagak euskarara itzuli zuen William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa antzezlana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.