ATZEKOZ AURRERA

Bi belaunaldi, eta normal bizi

Euskaraz Bizi eguna ospatu dute Arrasaten, Euskal Herrian Euskaraz taldeak antolatuta. Taldeak gogoeta egin du azken hilabeteotan, hamarkadatako lana etorkizunera eramateko.

Euskaltzaleak, atzo, Arrasateko Kulturaten, EHEk antolaturiko Euskaraz Bizi Eguneko ekitaldi nagusian. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
Arrasate
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Arrasateko Biteri plazako akordeoilariak ondo jotzen du, baina, horrez gain, badaki errepertorioa aukeratzen. Euskal Herrian euskaraz doinua jotzen ari da, handik hona dabilen jendearen aurrean. Izan ere, izen bereko taldeak Euskaraz Bizi eguna antolatu du Gipuzkoako herrian, hizkuntzaren alde iragan 40 urteetan eginiko borroka ospatzeko, eta datozen 40etan egitekoa dena irudikatzeko.

Labe gurpildun bat jarri dute Biteri-Altube plazan, jendeari erakusteko nola egiten den karapaixo ogia. Udaberriaren hasieran egiten den ogi berezia da karapaixoa, eta tradizio horren eguna ere ospatzen ari dira Arrasaten. Haurrentzako jolasak daude udaletxeko plazan, EHE Euskal Herrian Euskarazek antolaturiko estalpearen aurrean. Buruan zapia duten bi emakume daude jostailuen artean, euren haurrekin. «Barkatu», esan dio euskaraz horietako baten semeak gizon bati, aldamenetik patin pedaldun batekin pasatzean. Haren ama zapidunak ere «bat, bi, hiru» euskaraz egin dio haurrari, patinetik ez erortzen laguntzen dion bitartean.

Lan gogorra izan da Euskaraz Bizi eguna antolatzea. «Azken bi asteotan, gutxienez hiru bilera egin ditugu astero», esan du Jone Usatorrek, salneurriak erakusteko txarteltxoak egiten dituen bitartean. EHEko kidea da.

Txillardegiren itzala luzea da. Haren irudia eta hitzak entzun dira Kulturate kultur etxeko areto nagusian. Ordu bata gertu dago, eta Euskaraz Bizi eguneko ekitaldi nagusia abiatu da. Izan, egin eragin bideoko irudietan agertzen da Txillardegi. 2009an, 30 urte bete zituen EHEk, eta taldearen historia kontatzeko dokumental bat egin zuten. Baina hortik harago doa Izan, egin eragin leloa: aurten izen bereko hausnarketa prozesua amaitu du taldeak, berreuskalduntze prozesuak pairatzen duen geldialdia dela-eta EHE eguneratzeko.

Akuilu lana

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza ekitaldia hasteko, eta eskerrak eman dizkio EHEri hilabeteotan egin duen hausnarketa prozesuarengatik. «Etorkizunerako estrategian oraindik ere hor agertzen da EHEren funtsa: euskara agendaren erdigunera ekartzeko helburua, alegia».

Bilbaok azaldu duenez, EHEkakuilu lana egin du ia 40 urteko historian. «Euskararen normalizazioa ezin da ulertu EHE gabe». Taldeak hizkuntza politika ausartagoak eskatzeko egin duen lana nabarmendu du Bilbaok euskaltzaleez beteriko aretoan.

«Ustezko elebitasunaren eta berdintasunaren paradigmak goia jo du», esan du gero EHEko Ane Aizpuruk. Erabaki politikoek eraman dutela euskara dagoen lekura, eta erabaki politikoak behar direla hortik ateratzeko.

«Euskal Herrian euskaraz bizitzera goaz, inor gutxietsi gabe, baina inori gu gutxiesten utzi gabe», adierazi du EHEko Pernando Basterretxeak. Esan duenez, euskara putzu ilun batean zegoen duela 40 urte, eta 40 urte barru ez da gaur bezala egongo.

«Etorkizun hurbila euskaraz izango da», gaineratu du Aizpuruk, baina ohartarazi du etorkizun hori ez dagoela «idatzita».Basterretxeak esan du EHEk egin duen gogoeta saioa «zabala, parte hartzailea eta gardena» izan dela, eta etorkizunean ere horrelakoa izango dela metodologia. Euskalduntze prozesua «bururaino» eramateko dei egin die aretoan bildutako euskaltzaleei. Entzuleek txaloz agurtu dituzte EHEko bi kideak.

«Bi belaunaldi nahikoa dira Euskal Herria euskalduntzeko», esan du Iraia Elorzak. Enpresak euskalduntzen egiten du lan, Emun taldean. Xabier Zubizarretarekin igo da agertokira. Bi belaunaldi ordezkatzen dituzte, azaldu dutenez. Zubizarreta Arrasateko alkatea izan zen hamar urtez, eta euskara hondoa jotzen ikusi zuen belaunaldikoa da. Familia euskaldun bateko semea izan arren, kontatu du hezkuntza sistemak eta frankismoaren giroak erdaldundu zutela. «Lotsak» bultzatu zuen euskara berreskuratzera, esan duenez. Berreskuratu ondoren, besteei eskuratzen laguntzeari ekin zion. Metodorik gabe hasieran, materialik ere ez zegoelako euskaraz ikasteko. «Barkamena eskatu nahi diet orduko ikasleei, eurekin eginiko esperimentuengatik», esan du, eta barrez erantzun diote entzuleek.

Elorza hurrengo belaunaldikoa da, baina oraindik ere borrokatu behar izan du alabak pediatra euskalduna izan zezan, azaldu duenez. Gaindegiak plazaraturiko azken datuekin kezkatuta agertu dira biak. «Arnasgune zirela uste genuenetan atzera egin da», esan dute, eta neurriak eskatu dituzte euskara hegemoniko egiteko. Ekitaldia amaitzeko, Oskorrik eta Xabier Amurizak onduriko Euskal Herrian euskaraz kantua abestu dute agertokian Zubizarretak, Elorzak eta eta azken horren alaba Garazik. Ozen kantatu dute euskaltzaleek. «Bi belaunaldi barru lortuko dugu», esan du Elorzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.