ATZEKOZ AURRERA

Bilbotarragoa den metroa

Jendetza bildu da Bilbon metroaren hirugarren linearen irekiera egunean. Galdu antzean ibili dira gehienak, baina, oro har, pozik azaldu dira herritarrak azpiegitura berriarekin.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Rementeria eta Juan Mari Aburtorekin metroan. ARITZ LOIOLA / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Din, dan, don», metroko bozgorailuetako musikatxoa lehenik, eta ahotsa gero: «Zazpikaleak, lotura hirugarren linearekin eta Euskotrenekin». Ia bederatzi urteko lanen ostean, eta 279 milioi euroko inbertsioaren ondoren, atzo zabaldu zuten Bilbon metroaren hirugarren linea, eta, kasik, bazirudien bozgorailuko grabazioak ere beste geltokiak iragarri baino poz handiagoz iragartzen zuela lotura berria. Doakoa zen bidaia atzo, eta jendetza bildu zen horregatik Norman Foster arkitektoak diseinatutako Zazpikaleetako geltoki berrira. Kuxkuxean zebiltzan gehienak,baita galdu xamar ere: hirugarren lineako zazpi geltokietarako bidea ikasi nahian batzuk, eta trenetarako loturak non egin asmatu nahian besteak. Hiriaren iparraldeko auzoak sarera lotuta, Bilbokoago izango da aurrerantzean Bilboko metroa.

Pozik irekierarekin Leire Lopez, adibidez: «Lehen bidaia da, eta ondo joan da dena». Lorpenarekin harro Jose Manuel Gonzalez: «Halako lanek erakusten dute gure gobernua arduratsua dela eta gauzak ongi egiten dituela». Azpiegiturak eskaintzen dizkion erraztasunekin eskertuta Oscar Carrera: «Urteak eman ditugu honen zain». Eta bere hirian turismoa egiten, Indautxu auzoko Maria Rosa del Solar: «Sekula ez nintzen Otxarkoagan egon!».

Hibrido bat da, berez, hirugarren linea. Izan ere, Euskotrenek kudeatuko ditu geltoki eta tren horiek, eta ez Bilboko Metroak. Gorriak izan beharrean, urdinak dira horregatik geltokietako kartelak, eta ibilbidearen mapetan ere igar daiteke ñabardura. Metroaren parte irudikatzen dute hirugarren linea metroko mapek, baina trenbide sarearen parte bat gehiago balitz bezala ageri da tren sarearen irudietan.

Goi mailako garrantzia eman nahi izan diote erakunde publikoek irekiera ekitaldiari. Bilbon izan ziren horregatik atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Eta batera lan egiteko beharra nabarmendu zuen lehendakariak Otxarkoagako geltokian egindako adierazpenetan. Urkulluk minutu bateko isilunea eskatu zuen indarkeriaren biktimengatik.

Kritikak, ekitaldi ostean

Baina kritikak ere izan ziren atzokoan. Bosgarren linea abiatzeko eskatu zuten Galdakao herriko bizilagunek. Bilboko Zurbaranbarri kalean igogailu bat jartzeko eskaria egin zuten auzokideek. Txartelen prezio igoeraz kexu azaldu zen gazte talde bat. Eta geltokien egokitzapen falta salatu zuen itsu talde batek.

«Erabateko iraultza da hau». Albiste artetik begiratu zion berriari Carlos Lopez egunkari saltzaileak atzo. Otxarkoagako Kepa Enbeita plazako geltokiaren aurrez aurre du postua, eta aurrez aurre ikusi zituen inaugurazioa eta protestak. «Protestak zeudela ikustean alkateak beste irteera bat hartu du», azaldu zuen. ETAren armagabetzea zen egunkarietako albiste nagusia, eta irribarrez egin zuen analisia egunkari saltzaileak. «Urkullu ere atzeko atetik atera da hemengo inaugurazioan, eta berdina egin du Baionan ez egotea erabakita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.