ATZEKOZ AURRERA

Sagar bluesa Baztanen

Kirikoketa festan, Jo ala Jo taldeak, Arizkungo Gamioxarrea etxearen ateak irekitzeaz gain, sagardogintza tradizionalaren eta hari lotutako musikaren sekretuak azaldu ditu, urtero legez.
Gamioxarreko harrizko askan sagarra zanpatzen, eta alboan, pilatuta sagar patsa.
Gamioxarreko harrizko askan sagarra zanpatzen, eta alboan, pilatuta sagar patsa. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2017ko urriak 22

Begiak itxi, kliskatu, eta ireki. Inguruari erreparatu, eta irudimenarekin denboran atzera egin daiteke. Txistu eta gaita doinu artean, antzinako baserritar janzkera duen jende multzo bat dator, eta Arizkungo bi etxeren arteko pasartetik iragan ahala, ez dago garai modernoen aztarnarik. Ez dago autorik, eta, alboko jendearen janzkerei erreparatu ezean, 1798. urtea izan daiteke lasai asko. XVI. mendean altxatutako Gamioxarrea dorrearen parean geratu da jende multzoa. Gamioko Migelek ongietorria egin die, eta etxeko sagardoa dastatzeko eskaini. Tratuan hasi dira etxeko jauna eta sagar biltzaileak. Migelek proposatu die sagarra bildu eta bere dolarean zanpatzeko lana egunean bi sosen truke egitea, baina protesta egin dute ozen: «Hiru!».

Antzezpen labur hori amaituta, Gamioxarre barrura sartu dira, eta, modu horretan, Kirikoketa festari hasiera eman dio Jo ala Jo kultur taldeak. Gamioxarrea, sagardogintza tradizionalaren gainbeherarekin batera, hutsik eta deseginda geratu zen, harik eta Jo ala Jo taldeko kideek eta beste hainbat herritarrek auzolanean etxea berregokitu zuten arte. Orain, urtero, Gamioxarreko ateak irekitzen dituzte, eta garai bateko Baztango bizimoduaren xehetasun eta sekretuak erakusten dizkiete bertaratzen direnei. Atzokoa Kirikoketa festaren hemezortzigarren edizioa izan zen.

Sagarra, jaun eta jabe

Sagarrak garrantzi berezia izan du betidanik Euskal Herrian eta Baztanen. Elikagai nagusia zen, Ameriketatik patata, tomatea, piperra edo artoa ekarri eta nagusitu aurretik. Xabi Torres Jo ala Jo taldeko kideak azaldu bezala, XVIII. mendera arte Baztanen sagarrondoak ziren nagusi. Sagardoa, berriz, edari alkoholdun bat baino gehiago zen: «Sagarra kontserbatzeko modu bat zen sagardoa. Ez zen mozkortzeko; elikagai bat zen». Adibidez, Ternuara joaten ziren arrantzaleek sagardoa eramaten zuten upeletan, eta, hari esker, C bitamina faltaren ondoriozko eskorbutoa saihesten zuten.

Autokontsumotik ekoizpen handiago batera jauzi egin nahian, XVI. mendean hasi ziren eraikitzen lehen dolare etxeak Baztanen. Horietako bat zen Gamioxarrea. Lehenik, sagarra zanpatzeko erabili ohi zen aska egiten zen; hura zen etxearen oinarria, bihotza. Gamioxarreren kasuan, harrizkoa da, eta lau metro luze da. «Imajinatu zenbat idi behar ziren hura garraiatzeko», dio Torresek.

Gamioxarreak hiru solairu ditu. Sabaia sagar biltegia zen. Erdiko solairuan zegoen harrizko aska, eta han zanpatzen zen sagarra. Hiru ardatzeko dolareak sagar patsa estutu ahala, zukua ateratzen zen, eta handik beheko solairuko upeletara joan. «Bi hartzidura izan ohi zituen. Bata, fuerteagoa: hilabeteak irauten zuen, upela irekita C02 guztia kendu arte. Bestea, arinagoa, upela itxita», azaldu du Pello Iriartek taldeko kideak. Askaren zorua, berriz, isats landarearekin garbitzen zen. «Baditu beste ezaugarri batzuk, eta zukua garbitzeko ere balio du, antibiotiko gisa».

Sagardogintzarekin batera, tokiko ekonomia sustatzeko eta babesteko neurriak ezarri ziren. Adibidez, 1544ko Elizondoko ordenantzetan hiru neurri ageri dira. Batetik, Baztango herriko alkateak herri bakoitzera joan ohi ziren, eta prezio bateratu bat jartzen zuten. «Ahalik eta merkeena, baina sagarra ekoizten zuenari kalterik eragin gabe», aipatu du Xabi Torresek. Bigarrenik, zozketa bidez erabakitzen zen herri bakoitzean zein upel irekiko zen lehenago. «Suerta zitekeen dolare handi bateko upela irekitzea lehenik, edo txiki batekoa». Azkenik, esportazioak debekatuta zeuden, «tokiko eskaintza guztia ase arte».

Neurri protekzionista horiek sagardogintza tradizionala babestu zuten, baina Torresen arabera, 1798ko paper batean, Gamioxarreko jaunak Nafarroako erregeordeari eskatu zion garai bateko ordenantza hura kentzeko eta prezioak nahieran ezartzeko eskubidea. Ironikoki, aldaketa harekin etorri zen sagardogintzaren gainbehera.

Baina hori guztia historia da, Kirikoketa festan, Jo ala Jo taldeak iraganari bizia eman nahi izan dio, sagardoa egitea lan bat baino gehiago baitzen. «Eguzkitik eguzkira» Gamioxarreko jaunarekin hitzartutako hiru sos horien truke, lanera etorri ohi ziren sagar jotzaileak edo peoiak. Sagarra ez zuten hala nola zanpatzen. «Sagar jotzaileak erritmoa jartzen hoberenak ziren. Ez zen edonola egiten. Lana errepikakor egiteko, lana joko egiteko, gizakiaren joera izan da beti lan erritmoak erabiltzea Euskal Herrian, Japonian edo Indian».

Dolare kanta asko galdu dira, baina herriko zaharrenen bidez, batzuk gaurdaino iritsi dira. «Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa, koketa, sagarra jo dela, sagarra jo dela...». Sagarra zanpatu ahala, biko eta hiruko erritmoa ezarriz, sagarra jo eta jo, eta, joaren joaz, kantatu. Kirikoketa ez da Virginiako kotoi zelaietako beltz esklaboen malenkoniazko kantua, baina sagar patsaren usain artean, Baztanek gorde du bere sagar bluesa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Eskoletako Urmaelen Sareko kideak, Ataungo Joxemiel Barandiaran herri eskolako urmaelean, atzo. ©JON URBE / FOKU

Mundu bat putzu eginda

Enekoitz Telleria Sarriegi

Eskoletako Urmaelen Sareak lehen topaketa egin du Ataunen. Urmael bat sortzeak eta kudeatzeak dituen onurez eta proiektuak saretzeko beharraz aritu dira. «Laborategi natural batzuk dira».
1 ©- / EZEZAGUNA

Baratzeak loratzen duen guztia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hiri baratzeek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Onurak baino ez dizkiote ikusten nola teknikariek hala erabiltzaileek.

Aktore protagonistak Nicole Kidman eta Hugh Grant. ©BERRIA

Burbuila bezain hauskorra

Mikel Yarza Artola

David E. Kelley estatubatuarrak 'The Undoing' telesaila aurkeztu du, 'Big Litte Lies' goratuaren ostean

Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo eta Sara Cozar, filmaren grabazioan, Bizkaian. ©ERLAUNTZA

Umorez blaitutako ziztada

Nagore Arin

Zinema aretoetara iritsi da 'Erlauntza' ekoizpena, bi urtez antzokiz antzoki ibili ondoren. Sei emakume ditu protagonistatzat, eta ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna