ATZEKOZ AURRERA

Katiluen maratoia

Zeramikaren Euskal Museoak ezohiko ekintza bat antolatu du bere 25. urteurrena ospatzeko: 24 orduan ahalik eta katilu gehien egitea. Gaur jakinaraziko dute emaitza.

Blanka Gomez de Segura eta Julen Ussia buztingileak, katiluak egiten, atzo, Elosuko museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Elosua
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Museoen Nazioarteko Egunaren aitzakian museo batera joan den orok, batez ere, garai batean egindako piezak ikusiko zituen. Antzinatean eginiko artelanak izango ziren gehienak, edota, kasurik bitxienetan, sortu berriak diren piezak. Elosuko Ollerieta auzoan (Araba), ordea, artelanak unean bertan sortzen ikusteko aukera izan dute bisitariek. Zeramikaren Euskal Museoan, katiluak nola egiten diren erakutsi diete bertaratu diren guztiei. 24 orduz etenik gabe, gainera.

Zeramikaren Euskal Museoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatu dute buztinezko katiluen maratoia. Bai, maratoia, hori da hitza. Ez baitute erronka makala ezarri museoko arduradunek: Zenbat katilu egiteko gai izango dira 24 orduan? Hori galdera. «Herritarrei atentzioa eman nahi izan diegu erronka honekin», adierazi du Blanka Gomez de Segura museoko arduradun eta buztingileak, eskuak tornutik kendu gabe. Baita lortu ere. Atzo, 10:00etan ekin zioten katiluak egiteari, eta gaur ordu berean amaituko dute. 24 orduz, katiluak egin eta egin. «Museoaren urteurrena ospatzearekin batera, buztingilearen lanbidea aldarrikatu nahi dugu ekintza honekin; baita katiluari bere balioa eman ere». Izan ere, «oinarrizko pieza bat» da katilua zeramikaren munduan, buztingilearen arabera. Galderaren erantzuna gaur jakinaraziko dute museoko arduradunek. Bitartean, baina, kopurua sekretupean gorde dute. «Kalkulu bat badugu, zenbaki bat esatera ausartuko nintzateke, baina ezin dut», adierazi du Gomez de Segurak. Tona bat buztin dute horretarako. Aurrerapen txiki bat egin du, halere: «1.000tik gora, ziur!».

Izan ere, lehiaketa bat antolatu dute sare sozialetan, eta asmatzen dutenei buztinezko kafeontzi joko bana oparituko diete. Gomez de Segura «harrituta» dago lehiaketak izan duen oihartzunarekin. «Jende asko animatu da; ez genuen halakorik espero. Ikaragarria izaten ari da». Nabarmendu du, halaber, publiko berriengana iristea zela helburua. «Jendearekin hartu-emana izatea garrantzitsua da guretzat, eta konturatu naiz etxeko sofatik parte hartzen jende gehiago ari dela bertatik baino; museo birtual bat jarriko bagenu, nahikoa litzateke agian», erantsi du barrezka.

Urteak daramatza lan horretan Gomez de Segurak. Maratoian ez da bakarrik ari, hala ere. Alboan du Julen Ussia museoko buztingilea ere. 25 urte ditu Ussiak, eta bost bat urte daramatza buztinaren eta zeramikaren munduan. Pozik dago erronkarekin: «Egun polita izaten ari da; gogorra ere bai, baina oso ederra; egunero ez daukagu zertarako gai garen frogatzeko aukera; beraz, oso pozik nago!». Arratsaldeko zortziak dira, eta lan erdia osatzera iristeko bi ordu falta zaizkie oraindik. «Gau luzea» geratzen zaiela gogoratu du buztingileak, baina gogotsu dela adierazi du: «Datozen orduak gogorrak izango dira agian, baina uste dut egun guztian bizi izan dugunarekin indarrak hartu ditugula». Esperantza berari eusten dio Gomez de Segurak ere: «Ez dakigu zer gertatuko den ordu txikietan... ilunpetan egon arren, guk lan eta lan jarraituko dugu katiluak egiten. Guretzat ere erakargarria da, ez baitugu inoiz halakorik bizi izan orain artean». Laguntzaile dituzte, halaber, Gasteizko Arteen Eskolako boluntarioak eta EHUko Arte Ederren ikasleak ere.

Katiluen erronka bertatik bertara ikusteko aukera izan dute, halaber, bertaratu direnek. Baita eskuak buztinez zipriztindu eta katiluak egitekoa ere. Horietako bat da Ouweys Anis Arba. 8 urte ditu Arbak, eta gasteiztarra da. Arratsaldeko lehen orduan bertaratu da, eta hiru orduren inguruan «sei edo zazpi» katilu egin dituela kontatu du. Ez daki egindako piezaren bat etxera eramaterik izango duen, baina berdin dio: «Gehiago egiten lagunduko dut. Ehundik gora daramatzagu dagoeneko», esan du. Arduradunek ere pozik hartu dute bisitarien erantzuna. Hala esan du Gomez de Segura: «Guretzat garrantzitsua da etorri den jendeak ere lan egitea. Hori ere bazen gaurko beste helburuetako bat. Etxetik txiokatzen ari denak ez du inoiz sentsazio hori biziko».

25 urte, «aldapa gora»

Zeramikaren Euskal Museoak 25 urte bete ditu aurten, eta, tarte horretan, 200.000 bisitari baino gehiago izan ditu arduradunen arabera. Gomez de Segurak adierazi duenez, «aldapa gorako bidea» egin behar izan du museoa ireki zuten egunetik, baina pozik da balantzearekin. «Duela 32 urte etorri nintzen, Markina-Xemeindik [Bizkaia], eta ogibide hau galtzeko zorian zegoen orduan; edo hala esaten zuten inguruko guztiek. Niretzat, beraz, erronka bat izan da lanbidea berreskuratu eta merezi duen duintasuna ematea. Uste dut lortu dudala, eta horrekin geratzen naiz». 24 orduan egindako katiluak salgai jarraiko dituzte, eta diru hori urteurren ekitaldiak ordaintzeko baliatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.