Lege oinarririk gabeko ezetzak

Foro Sozialak aztertutako azken hiru hilabeteetako 46 autoetan, bigarren gradura pasatzeko 44 ezezko eman ditu Espetxe Zaintzak, eta bi baiezko. Oleaga abokatuak dio legean ez dauden baldintzak eskatzen dizkietela presoei
Nazario Oleaga, Amaia Izko, Agus Hernan, Jaime Tapia eta Emilio Olabarria, atzo, Foro Sozialak euskal presoen gradu progresioaren auziaz antolatutako jardunaldian.
Nazario Oleaga, Amaia Izko, Agus Hernan, Jaime Tapia eta Emilio Olabarria, atzo, Foro Sozialak euskal presoen gradu progresioaren auziaz antolatutako jardunaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko urriak 11
Foro Sozial Iraunkorrak EPPK-ko kideek lehen gradutik bigarrengora pasatzeko eskaerei erantzundako 46 auto judizial bildu ditu, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen 44 erantzun ezezkoak izan dira, eta bi baino ez baiezkoak; %95,6an, beraz, gradu progresiorako ukazioa. Aurtengo uztaileko, abuztuko eta iraileko autoak dira kartzeletako tratamendu batzordeen eta Espetxe Zuzendaritzaren txostenetan oinarritutakoak. Ezezko autoen arrazoiak: «Desegin gabeko erakunde terrorista bateko kide izatea» —ETA joan den maiatzean desegin zen—, biktimei barkamenik ez eskatzea, damurik ez agertzea, autoritateei ez laguntzea... Halaber, aintzat hartu dituzte epaileek egotzitako delituak, eta zalantzan jarri presoak espetxeko jardueretan hasteko duten borondatea. Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatu Bazkuneko dekano ohiaren arabera, lege oinarririk gabeko ezezkoak dira guztiak.

Aipatutako autoen ikerketa bat aurkeztu du Oleagak berak, Gasteizen, Foro Sozialaren enkarguz eta beste abokatu batzuekin partekatuta. Foroaren esanetan, «ezezko ebazpenen argudioa nahikoa antzekoa eta orokortua da». Preso bati hiru aldiz ukatu diote bigarren gradura igarotzea, eta lauri, bi bider. Denei legebidea segitzea ukatzen diete, foroak deitoratu duenez. Espainiako Estatuan dauden EPPK-ko kideen %90 lehen graduan dauzkate.

«Salbuespen erregimen» modura jo du Oleagak, eta eskatu du preso bakoitza «egitate objektiboen» arabera aztertzeko, gero erabakiak ere halakoak izateko.

Ezezkoa emandako autoetan zentratu dira ikerketa egiteko, baina beste bi kasuetako argudio batzuk ere zerrendatu dituzte: zigor-betetze maila handia, delituak aspaldikoak izatea, indarkeriari uko egitea, eragindako mina aitortzea, jardueretan jarrera egokia izatea, familiaren babesa...

Ezezkoak emateko autoetako arrazoiak eta Nazario Oleagaren azalpenak daude ondoren.

EGOTZITAKO DELITUAK

Epaileak ETArekin lotutako pertsona bat kartzelatzean, «bereziki arriskutsua» dela egotzi eta Espetxe Araudiaren 10. artikuluaren arabera lehen graduan sartu izan dute, baina gero irizpide horrek indarrean segitu ohi du. Bigarren gradurako aldaketa ukatzeko arrazoien artean, Espetxe Zaintzako epaileak, besteak beste, presoari ezarritako zigor handiak, delitu motak, delituen larritasuna, delitu ibilbide luzea eta askotariko biktimak eragin izana aipatzen ditu. «Hau da, kalean egin zuena», adierazi du Oleagak. «Osagai horiek guztiek zigor arlokoak dira, epaimahaiei dagozkienak, baina ez dute ezer ikustekorik presoaren arriskuaz edota espetxeko bizimodu normala egiteko arauekiko egokitzapenaz. Garrantzitsuena da presoa, jadanik kartzelan dela, ez izatea bereziki arriskutsua eta erregimen arrunterako desegokia». Abokatuaren iritzian, axola duena ez da presoa nor izan zen, «baizik eta nola ari den [espetxean] egokitzen».

ZIGORRAREN BETETZE MAILA

Espetxe Zaintzaren auto batzuetan ageri da euskal presoak oraindik ez duela kondenaren erdia bete, eta oraindik asko falta zaiola ere jasotzen da. Gainera, autoetan sarri agertzen da zigor luzeak dituztela. Oleagak dioenez, bigarren gradurako progresiorako «denborarekin lotutako edozein argudio lekuz kanpo dago». Bigarren graduan irteera baimenak lortzeko baldintza modura zigorraren laurden bat betea izatea eskatzen da, eta hirugarrengoan, baldintzapean aske geratzeko, hiru laurden. Lehen graduan ez da halakorik aipatzen.

ERANTZUKIZUN ZIBILA

Bigarren gradurako pasoa ukatzeko, kartzela bakoitzeko Tratamendu Batzordeak, estatuko Espetxe Zuzendaritzak eta Espetxe Zaintzak presoari, ezarritako delituen erantzukizun zibilari aurre egin ez eta horretarako borondaterik eduki ez izana ere leporatzen diote, haien txostenetan eta autoetan irakur daitekeenez. «Erantzukizun zibilaren argudioa jasota dago legedian», dio Oleagak, «baina ez da bigarren gradura pasatzeko baldintza bat». Dena dela, zenbait presok erantzukizun zibilerako horrenbesteko txiki bat eman arren, ebazpen judizial batzuek diote gradu progresiorako «jukutria bat» dela. Bigarren graduan irteera baimenak izateko, hirugarren gradura pasatzeko, eta hor irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna lortzeko eskatzen da erantzukizun zibilari aurre egiteko borondatea agertzeko.

ETA-KO KIDE

«Desegin gabeko erakunde terrorista» bateko partaide izatea, erakunde hori uzteke egotea eta harekin hautsi ez izana ere aipatzen dira. ETAk aurtengo maiatzaren 3an jakinarazi zuen bukatu zuela ibilbidea. Tratamendu batzordeen eta Espetxe Zuzendaritzaren txostenok aurretik egindakoak dira —Oleagak atzo azaldutako dokumentuan ageri direnak bai, behintzat—, baina Jose Luis Castro epailearen autoak aurtengo uztailekoak, abuztukoak eta irailekoak dira, ETArik ez zen jada, baina ez du hori kontuan hartu. Gainera, jakinekoa da EPPKren gehiengo handi batek ETAren bukaeraren aldeko botoa eman zuela. Espetxe administrazioaren idatziek dakarte presook ez dutela adierazpen zehatz baten bidez indarkeria arbuiatu, ezta erakundea utzi dutenik ere esan. Oleagak uste du horrela «zalantza» erein nahi duela Madrilek.

KOLABORAZIOA, DAMUA...

Bigarren gradura ez pasatzeko emandako beste arrazoi batzuk: damurik ez agertzea presoak, egotzitako delituaz hitz egiteko asmorik ez izatea, biktimekiko erreparazio eta enpatia eza, autoritateekin ez kolaboratzea, barkamen eskaerarik ez... Baldintza horiek 7/2003 lege organikoan sartu zituzten Espainiako Justizia sisteman, Jose Maria Aznarren gobernuaren garaian. «Presoak bere borrokaren zilegitasunari uko egitea esan nahi dute baldintzok», adierazi du Oleaga abokatuak, Gasteizen. Argitu nahi izan duenez, ez dira lehen gradukoei egin beharreko eskakizunak. Ordea, 7/2003 legearen ondorioz gertatzen da Espainiako justiziaren arabera «terrorismo» delitua ezarri izan dieten preso guztiei ezarri behar zaizkiela baldintza horiek, baita indarkeriaren arbuioa, erakunde armatua uztea edota erantzukizun zibila ere.

JARDUERAK, ESANAK...

Txostenek eta autoek aitortu dute presoak espetxe barruko lanak eta jarduerak egiten dabiltzala azkeneko hilabeteetan, EPPK-k «estrategia aldatu» zuenetik; besteak beste, eta adibideok orokortu ezin badaitezke ere, garbiketa lanak, kirol ariketak, eskulanak, liburutegiko jarduerak, ikastaroak... Halaber, aitortzen dute badela presoen aldetik eragindako minaren onarpena. Baina Oleagak espetxe sistemari hori guztia ere «zalantzan» jartzeko asmoa ikusten dio, «idatzietan aipatzen delako presoak bere interes pertsonalerako eta bere beharrak asetzeko egin dituela. [...] Bigarren gradurako langak gainditzeko 'amarruak' direla esaten da». Txosten batean ageri da presoak «modu mekanikoan eta parte den erakundearekiko diziplinagatik» egin dituela urratsak; eragindako minari buruz, kasurako, «biktimekiko enpatia emozionalik gabe» mintzo omen dira euskal presoak. Ondorioz, espetxe sistemak ebatzi du oraindik ez dutela kartzela barruko «bizikidetza normalerako gaitasunik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna