Atentatua Parisen. 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoa

Kanpotik eta barrenetik sortuak

Muturreko taldeek Frantzia jomugan paratu dute, hark herrialde musulmanetan egin dituen esku hartze militarrengatik.

Estatu Islamikoak iazko urrian egin zuen erasorako deia

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 8
«Ez zarete seguru egonen ez Frantzian, ez bertze herrialdeetan. Dei bat eginen diegu Frantziako gure anaiei edozein zibil hil dezaten». Iazko urrian, EI Estatu Islamikoak argitaratu zuen bideo batean, solas horiek frantsesez egin zituen talde horretako kide batek. Frantziak Iraken EIren aurka bonbardaketak hasi eta hilabetera argitaratu zuten mezua. Abenduan, oinezkoen aurka nahita egindako hiru auto harrapaketa dei horri emandako erantzuntzat jo zituzten Frantzian, gobernuak lotura zuzena ezarri nahi izan ez zuen arren. Otso bakartienganako beldurra hedatu da Frantzian, talde bateko kide izan gabe, babes ideologikoarengatik haien kabuz erasoak egiteko prest dauden pertsonenganakoa; kasu honetan, ideologia islamistakoak. Frantzian azken urteotan ere gertatu dira halakoak, eta, normalean, erasotzaileek ekintzak justifikatu dituzte musulmanen aurkakotzat duten atzerri politikari emandako mendekutzat.

Iraken hasitako bonbardaketa kanpaina da Frantziak atzerrian daukan esku hartze militar sailaren azken atala. Potentzia kolonial handia izan zen Frantzia, eta, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan deskolonizazio prozesuak gertatu baziren ere, ordutik menpeko izan zituen herrialdeetan maiz esku hartu du —baita menpeko izan ez zituen zenbaitzuetan ere—. Nahiz eta Jacques Chiracen bigarren agintaldian (2002-2007) Irakeko gerra zela-eta interbentzionismo hori zertxobait apaldu zuen —AEBekin izan zituen desadostasunengatik—, Nicolas Sarkozyk atzerrian jarduteko modu hori indartu zuen berriz.

Frantziak ez du soilik herrialde musulmanetan esku hartu, baina bertzeekin ez bezala (Boli Kostarekin, adibidez), islama erlijio nagusia den herrialdeetan esku hartzeak ondorio bat eragin dio: muturreko talde islamistek Frantzia eta Frantziako herritarrak jomugan paratzea. Joan den hamarkadan, adibidez, hasi ziren Saheleko taldeak Afrikako eremu horretan zeuden Frantziako herritarrak bahitzen. Joan den hilaren hasieran askatu zuten Malin Serge Lazarevic, talde islamistek bahituta zeukaten Frantziako azken herritarra —2011n atxiki zuten Malin—.

Sarkozyren agintaldian bi esku hartze nabarmendu ziren: Afganistan eta Libia. Afganistango esku hartzea Chiracek hasi zuen, AEBek zuzendutako operazioan, baina Sarkozyk Frantziaren parte hartzea indartu zuen. Misioak harekin hartu zuen hedadura handiena, 2009an: 4.000 soldadu. Afganistango esku hartzearengatik mendeku hartzea izan zen, hain zuzen, Mohammed Merahek eman zuen arrazoietako bat Okzitaniako Tolosan hiru soldadu eta lau zibil judu (horietako hiru, haurrak) hiltzeko, 2012ko martxoan, astebeteko epean. Ordurako, Sarkozyk gauzatua zuen bere interbentzio nagusia, Erresuma Batuarekin eta AEBekin elkar hartuta: Libiako bonbardaketa. Baina helburua Muammar Gaddafi agintetik kentzea izan zen, eta, horri probetxu atera ziotenen artean muturreko indar islamistak zeuden.

François Hollandek 2012ko maiatzeko hauteskundeetako promesen artean zuen Afganistango esku hartzea lehenbailehen bukatzea. Erabaki horrek, ordea, ez du presidente sozialistaren atzerri politikaren ildoa markatu; alderantziz, kontrako bidea hartu du. Malira 2013ko urtarrilean bidali zituen tropak, independentzia aldarrikatua zuen Azawad lurraldean muturreko islamistak nagusitu eta hegoaldera, Bamako hiriburura bidean zirenean. Afrika Erdiko Errepublikan ere sartu zuen armada, kristauen eta musulmanen arteko indarkeria sektarioa geraraztea justifikaziotzat hartuta. Baina muturreko taldeek Maliko esku hartzearengatik mehatxatu zuten Frantzia —AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaedak—. Ekialde Hurbilean, berriz, Chiracen garaietan ez bezala, Hollandek bat egin du erabat AEBen politikarekin.

Diskriminazioa

Baina Frantziaren eta muturreko islamismoaren arteko gatazka ez du azaltzen soilik atzerriko esku hartzeek sortutako akzio-erreakzio kateak. Charlie Hebdo aldizkaria, adibidez, 2006tik zegoen muturreko islamisten jomugan. Europako mendebaldeari dagokionean, Frantzian bizi da herrialde musulmanetan jatorria duen biztanle gehien: estimazioen arabera, bortz milioi inguru (herritarren %7,5). Gehienek Afrika iparraldeko herrietan dute jatorria; kolonizazioak utzitako baliabide eskasiatik ihesi metropoli ohira lan bila jo zutenak eta horien ondorengoak dira. Frantzian eztabaida latza sortzen duen auzia da kolektibo horien integrazio eta diskriminazioarena. 2005ean hiri handietako auzo pobreetan piztutako matxinadak diskriminazio horren adierazletzat jo ziren; herrialde musulmanetan jatorria zuten herritarrak ez ziren izan matxinatu ziren bakarrak, baina kolektibo nabarmenena ziren. Horrekin batera, beloa toki publikoetan debekatzeko arauak ere kontrako erreakzio gogorra eragin zuen musulmanen artean, eta boteretik sustatutako islamofobia salatu zuten —Merahek berak sarraskia egiteko erabilitako bertze justifikazio bat—.

Kanpoko eta barneko faktoreek sortutako giro horretan, muturreko islamismoak hazteko bidea topatu du Frantzian. Barne Ministerioaren arabera, Frantziako herritartasuna duten 1.000 lagun inguru daude Sirian eta Iraken EIren alde borrokan —Mendebaldeko herrialdeetako gehienak—. Urrutiko gerra etxera ekar lezaketen beldurra hedatzen ari da Frantzian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna