Auzoan eta euskaraz

Iruñeko hemezortzi haur eskoletatik bi baino ez dira euskarazkoak. Aurten 58 haur gelditu dira tokirik gabe. Euskalgintzak konponbidea eskatu dio laster osatuko den udal berriari.

Martxoan giza katea egin zuten haur eskolak euskaraz eskatzeko. Tartean zen EH Bilduko Joseba Asiron. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Iruñeko haur eskolen sarea hobetu eta handitu nahi zuela erran zuen EH Bilduk joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundeen aurretik; mahai gainean jarritako neurrietako bat zen gaur egun dagoen euskarazko eskaintza zabaltzea. Asmoak egia bilakatzeko aukera izanen du koalizioak, behar zuen babesa lortu eta gero EH Bilduko hautagai Joseba Asiron izanen baita, zantzu guztien arabera, alkate. Auzi horri eusteko eskatu diote euskalgintzako taldeek. Azken datuak jarri dituzte mahai gainean, eta konponbidea galdegin diote: Iruñean 58 ume gelditu dira euskarazko haur eskoletan tokirik gabe, aurtengo aurrematrikulazio datuen arabera. Euskarazko 164 toki daude denera.

Iruñean hemezortzi haur eskola daude, eta haietako bi baino ez dira euskarazkoak. Eskaintza ez da nahikoa, eta halaxe azaldu dute Nafarroako hiriburuko gurasoek hamaika aldiz. Haurren aulkitxoak atera dituzte karrikara; elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte; bai eta giza kateak ere. Iruñeko Udalak, ordea, entzungor egin die beti gurasoen protesta horiei.

Euskarazko bi haur eskolak auzo berean egon dira orain arte: Txantrean. Aurten, Txantreako bi haur eskola horietako bat Arrotxapea auzora mugitu dute udaleko agintariek. Hori izan da haur eskolen auzian egin duten urrats bakarra. «Sumatu da aldaketa hori eskaeran», nabarmendu du Kontseiluko arduradun Maite Indak. Iaz, bi haur eskolak Txantrean izanda, 32 haur gelditu ziren tokirik gabe. Aurten, berriz, 58. «Eskaintza orekatzeak ekarri du aldaketa», azaldu du Indak.

Eskaintza bertze auzo batera zabaldu badute ere, eskainitako tokietan ez da aldaketarik izan. 82 umerentzako lekua bazen Txantreako eskolan, eta 82 daude Arrotxapekoan ere. Hau da, udalak ez du toki gehiago eskaini aurten.

Haur eskola auzoan egotea hagitz garrantzitsua dela nabarmendu du Indak. «Eskola hurbil izateari ematen diote gurasoek lehentasuna zentroa aukeratzerakoan». Euskarazko eskaintzarik ez dagoen auzo anitzetan eskaerarik ere ez da izan, azken aurrematrikulazio prozesuko datuek agerian utzi dutenez.

Iruñeko Udalak eskaera erabili izan du euskarazko haur eskolen auzian argudio gisa, hain zuzen ere. Eskaerarik ez zela erran izan du, eta euskarazko toki gehiago eskaintzeko beharrik ez zela, ondorioz. Iazko martxoan, euskalgintzako taldeek kanpaina egin zuten, eta zuzenean galdetu zieten gurasoei, auzoan euskarazko haur eskola izanez gero, haren aldeko hautua eginen ote luketen. Ia 500 eskaera jaso zituzten euskarazko haur eskolentzat; hau da, eskaintza halako hiru da eskaera, kanpainak agerian utzi zuenez. Udalak inoiz ez du egin urratsik halako galdeketarik egiteko.

«Borondate politikorik ez»

«Iruñeko Udalak eskaera ikusezin bilakatu nahi izan du. Baina eskaera bada, eta erantzuna eman behar zaio, auzoz auzo. Udalak, orain arte, ez du ezer egin, arazoa konpontzeko borondate politikorik ez duelako izan», salatu du Indak.

Iritzi horrekin bat egin du Administrazioan Euskaraz taldeko eta euskalgintzako kide Joseba Otanok. Aurrematrikulazio datuak aztertu, eta nabarmendu du sumatu dela eskaintza bertze auzo batera zabaldu denean eskaerak gora egin duela. «27 haur gelditu dira tokirik gabe euskarazko haur eskolan Txantrean, eta 31 Arrotxapean». Argi du eskaintza bertze auzoetara eramanez gero gurasoek erantzunen dutela. Egoerak konponbidea behar duela erantsi du, eta udalari eskatu dio, behingoz, esku hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.