Elurtea

Zuritasun parentesi bat

Elurraren alderik ludikoena ere utzi dute agerian eskolarik gabe gelditu diren ume eta gazteek Bilbon. Ordu gutxi batzuen ostean, ordea, elurrezko panpinak baino ez dira gelditu goizean hiria nahasi duen elurtetik.

Ume talde bat Etxebarria parkean jolasean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Arratsaldea heltzerako, erdiguneko lorategi eta belardietan sakabanatuta topa zitekeen elurrezko panpina armada bat baino ez zen geratzen atzo goizean Bilboko kaleak erabat estali zituen elurtetik. Hamarkadak ziren halako elurterik egiten ez zuela. Garraio arazoak eragin zituen horrek lanera abiatzen zirenentzat, baina, aldi berean, jolastoki bilakatu zuen hiria eskolarik gabe gelditu ziren ume eta gaztetxo askorentzat. Mugikorrak indar betean lanean. Lera lasterketak Miribilla parkeko aldapetan. Snowboard taulak Casilda Iturrizar parkean behera. Elur borrokak edonon. Ordu gutxi batzuk baino ez zituen iraun parentesiak, ordea. Eta apur bat gehiago baino ez elur panpinek.

«Eguberri kantak abesten dabiltza». Beatriz Zotes izan zen goizean Bilboko erdigunean panpinak egiten ibili zenetariko bat. Hiru urte eta erdiko Martin eta Oliver semeekin zebilen Zubizuri inguruan. Lehen elurtea zen haientzat, eta kantuan aritu zitzaizkion elurrari. «Eguberrietan ere ez dute sekula ikusi elurrik, baina halaxe dabiltza».

Entzun ere egiten zen elurra goizean. Errepideetan trafikorik apenas zebilenez, umeen algara eta garrasi hotsa zuen Ibaizabalen ertzetako paseoak, esaterako. Eta antzera hiriaren erdigune osoan ere. Bake moduko bat bazuen giroak, baina izan ziren tentsio une laburren batzuk ere, adibidez, nerabe talde batek espaloietan gatza botatzen zebilen langileei elur bola batzuk jaurti zizkielako. Jaurti bai, baina behin ere asmatu gabe.

Elur bolei tiraka

«Zubizuri ere inoiz baino zuriago dago», egin zuen Koldo Arriolak oharra. Erabat estaltzen zuen zubiaren zorua ere elurrak lehen orduetan, eta argazkiak ateratzeko baliatu zuten aukera askok. «Halako hiri bat ikustea dena elurrez, polita da, eta, gainera, hemen inoiz ez denez halakorik gertatzen, are gehiago».

Irakaslea da Arriola, eta esnatutakoan jaso zuen eskolarik ez zegoela abisu emateko mezua, eta kalean zen eguerdia heltzerako bikotekidearekin eta bi semeekin. «Lekeition bizi nintzenean, 80ko hamarkadan-edo, bertan behera utzi genituen eskolak, eta plastiko batzuk hartuta joan ginen mendira ikasleekin. Ez dakit orduko hartan ikastetxea ixteko oharrik egon ote zen, baina joan ziren umeekin, zalantzarik egin gabe, mendira joan ginen».

Aurpegia gorri zuten Cristina Zubillagak eta Daria Agiarrek. Hotzagatik, eta baita esfortzuagatik ere. Gerritik gora heltzen zitzaien elur bola erraldoi bati tiraka zebiltzan Uribitarte kaleko aldapetan gora. 15 eta 16 urte dituzte, eta atzo arte sekula ez zuten beren hiria hain zuri ikusi. Eta pozik haiek nobedadearekin. Berez, Maria Inmaculada eta San Luis ikastetxeetan ziren egotekoak atzo, baina bertan behera utzi zituzten eskolak han ere, eta kalera bidali zituzten gurasoek. «Jende asko ikusi dugu gu bezala jolasten. Oso polita da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.