Gazteluetako irakasle ohia ez kartzelatzea erabaki du Bizkaiko Auzitegiak

Ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik zigortutako irakasle ohia kartzelan sartzeko eskatu zuten biktimaren abokatuek

Gaztelueta ikastetxeko maisuaren aurkako epaiketa, 2018an. M. RAMIREZ/FOKU.
Erredakzioa
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Opus Deiren Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohia kartzelara ez sartzea erabaki du. Espainiako Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion irail bukaeran, 2009tik 2011ra ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egitearen delitu bat egotzita. Biktimaren abokatuek irakasle ohia presondegiratzeko eskatu zuen lehengo astean, delituaren larritasuna ikusirik gizarteari mezu argi bat helarazi behar zitzaiola argudiatuta; baina, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak atzera bota du haren eskaera. Magistratuen arabera, zigorra ez betetzeko baldintzak bilduak dira: zigorra bi urte baino apalagoa da, zigortuak ez du aurrekaririk, eta ez da erantzukizun zibilen ordainketarik agindu. Haatik, hiru urteko epean beste deliturik eginen balu, kartzelara bidaliko lukete irakasle ohia.

2018ko azaroan, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra jarri zion irakasle ohiari sexu abusu jarraituen delituarengatik, akusatuak bere bulegoan egindako bost sexu abusurengatik. Baina kondena bederatzi urte jaitsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 29an. Partzialki onartu zuen errugabetasun presuntziorako eskubidea urratzeagatik irakasleak ezarritako errekurtsoa, eta frogatutako gertaeretatik kanpo utzi zituen zigorra areagotu zuten bost gertaeretatik bi: ikaslea bere aurrean masturbatzera eta boligrafo bat uzkian sartzera bultzatzea. Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezartzea erabaki zuen; irakaslea ezingo da biktimarengana gerturatu lau urtean, eta sufragio pasiborako inhabilitazio berezia izango du zigorrak iraun artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.